Telebista

ETBk hainbat berrikuntza izango ditu programazioan

'Sukaldarien liga' gaur hasiko da. Igandean estreinatuko dute Gure Zirkuari buruzko programa. 'Toure detektibea' telesaila otsailaren 1ean iritsiko da Primeran plataformara.

Ainhoa Etxebarria, 'Sukaldarien liga' saioko aurkezlea.
Ainhoa Etxebarria, 'Sukaldarien liga' saioko aurkezlea. ETB
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 16a
10:10
Entzun

Musika talentuetatik sukaldaritzako talentuetara pasatuko da ETB1 katea: igande gauean amaitu zen Ztanda musika lehiaketaren lehen aldia. Irabazlea Miriam Lujua Bilboko gaztea izan zen —24 urte ditu—. 15.000 euroko saria bereganatu zuen Lujuak, amaierako aurrez aurrekoan Naiara Trifol garaituz. Hirugarren tokian Danel Arteaga gelditu zen. Finalistek kantatu zituzten hamar abestietatik zortzi ingelesez izan ziren, eta euskaraz bi baino ez. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, finalak %1,9ko ikusle kuota lortu zuen.

Gaur, urtarrilak 16, berriz, Sukaldarien liga gastronomia lehiaketa hasiko da euskarazko katean (22:15).

Miriam Lujua Ztanda saioko irabazlea.
Miriam Lujua Ztanda saioko irabazlea.

Sukaldaritza lehiaketari dagokionez, 50 lagun ariko dira Euskal Herriko sukaldari onenaren titulua irabazteko lehian. Aurkezlea Ainhoa Etxebarria izango da —ETB1en Zurekin bat lehiaketa aurkeztu zuen—. Epaimahaiko kideak, berriz, hauek izango dira: Javi Rivero, Tolosako (Gipuzkoa) Ama jatetxearen jabe eta 2023ko sukaldari berririk onena —Primeran plataforman badu errezeta saio bat—; Maider Larrañaga, Arrasateko (Gipuzkoa) Arteaga jatetxearen jabe eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko trebatzaile eta AZko aholkulari gastronomikoa. Hamar asteko lehiaren ostean, irabazleak 25.000 euroko saria eramango du. Prime Time Media ekoiztetxearen programa bat da.

Ztanda musika lehiaketa igande gauetan eman du ETB1ek —bigarren denboraldia grabatuko dutela ziurtatu du ETBk—, eta Gure Zirkuari buruzko programak beteko du haren hutsunea ordutegi horretan. Orio Produkzioak ekoiztetxeak egin du Gure Zirkua saioa. Irati Sarasua da zuzendaria. Gidoilari, berriz, Aitzol Barandiaran aritu da, eta zuzendariordea Luis Oiartzabal da —Herri txiki, infernu handi programako zuzendaria—. Aurkezle-gidari lanetan, berriz, Sua Enparantza aktore eta dantzaria ariko da. Gure Zirkuaren atzean dagoena erakutsiko du ETB1ek lau ataletan.

ETB1eko 'Gure Zirkua' saioa
ETB1eko Gure Zirkua saioa.

Lau atal horiek eman ostean, Orio Produkzioak etxearen beste saio batek beteko du igande gauetako tartea: Herri txiki, infernu handi saioak. Mikel Pagadizabal eta Miren Nogales herriz herri ibiliko dira, ohiko moduan, denboraldi berrian. Otsailaren 18tik aurrera izango da hori.

Fikzioari dagokionez, Go!azen-en hamargarren denboraldia datorren astean amaituko da. Irabazi arte telesailaren hirugarren denboraldia otsailaren 2an iritsiko da Primeran-era, eta hilaren 9an ETB1era. Joan den asteburuan lehen atalaren aurrestreinaldiak egin dituzte Donostian eta Iruñean; larunbat honetan Gasteizen egingo dute, eta urtarrilaren 28an, Bilbon. Denboraldi honetako aktore berriak Angela Lopez eta Ugaitz Amundarain izango dira.

Aurki iritsiko da fikzio propio gehiago, baina Primeran plataformara: Toure detektibea telesailaren estreinaldia otsailaren 1ean egingo dute plataforma horretan —aurrestreinaldi bat egingo dute Bilbon, urtarrileko azkeneko astean—. Toure detektibearena Malcom Treviño-Sittek egiten du. Aktore taldean dira, besteak beste, Itziar Ituño, Itsaso Arana, Loreto Mauleon, Unax Ugalde, Urko Olazabal eta Ane Gabarain. David Perez Sañudok  —Alardea telesaila— eta Carlos Vila Sextok sortu dute fikzioa, Jon Arretxeren eleberrietan oinarrituta. Zuzendariak Esteban Crespo eta Violeta Salama dira. Gaztelaniaz grabatu zuten telesaila, Bizkaian, baina euskarara bikoiztuta estreinatuko du Primeran-ek. TVEk otsailaren hasieratik aurrera emango du fikzioa, gaztelaniaz. Eta handik bolada batera ikusi ahalko da ETB1en, udaberrian.

'Toure detektibea' telesaila.
Toure detektibea telesaileko aktore protagonistak.

'Conquis' gaur gauetik

ETB2 katean, bestalde, gaur gauean hasiko da El conquistador del fin del mundo saioaren 20. denboraldia. Aurreneko aldiz, Julian Iantzi ez da aurkezle ariko. Patxi Alonso eta Lur Errekondo izango dira aurkezleak. Kapitainen artean daude, bestalde, Jose Luis Korta eta Juanito Oiartzabal. Argentinako Patagonian grabatu dute 20. denboraldia, eta finala Munduaren Amaierako Itsasargian egingo dute.

TVEk Conquis formatua eman zuen lehen aldiz 2023an; ikusle datu oso onak izan zituen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Askoz apalagoak, ordea, Espainian. Iantzi TVEko bertsioan aritu zen aurkezle, eta horregatik erabaki zuen ETBk gehiago ez jartzea ETB2koan.

'Conquis'-en 20. denboraldia.
Conquis-en 20. denboraldia.

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.