«Emozioen festara gonbidatu nahi ditugu ikusleak. Denboraldi berria emozioen dantza izango da; emozioak piztu nahi ditugu». Hala esan du Unai Iparragirre ETBko zuzendariak gaur, Gasteizen, denboraldi berriaren aurkezpenean. FesTVal jaialdiaren barnean egin dute aurkezpena, eta Joseba Fiestras jaialdiko zuzendariak eman die ongietorria Euskal Telebistako aurkezleei eta ordezkariei. Askotariko berrikuntzak izango ditu denboraldiak. Iparragirrek, gainera, nabarmendu du ETBk «ikusle datu zoragarriak» izan dituela aurtengo udan; ETB1eko hainbat saiok %10eko ikusle kuota gainditu dute euskaldunen artean.
Ikasturteko berrikuntzen artean, ETB1ek irailaren 15ean Ametsen arbola saio berria estreinatuko du. Xabier Madariaga ariko da aurkezle lanetan, eta programaren dinamika iragarri du: «Arbola handi batekin joango gara ikastetxeetara. Haurrei eskatuko diegu ametsak idazteko paper batean, baina baldintza da ametsak beste batentzat izan behar duela. Amets batzuk aukeratu eta horiek betetzera joango gara gero». Kazetari eta aurkezleak aipatu du «esperientzia zoragarria» izan dela programa egitea. «Hausnarketarako aukera ere emango digu». Madariagak, beste alde batetik, Ur handitan saioaren bi atal berezi aurkeztuko ditu udazkenean.
ETB1ek aurki izango duen beste berrikuntza bat kirol arlokoa da: astelehen gauetan, gizonezkoen Espainiako Ligako euskal taldeen futbol partidak emango dituzte euskaraz. Lehen partida hilaren 16an izango dela iragarri dute: Osasuna-Rayo Vallecano. Joseba Urkiola EITBko Kiroletako zuzendariak nabarmendu du garrantzitsua dela goi mailako futbola gaztetxoek euskaraz ikustea. «Izan bedi hauspo bat gaztetxo horiek ETB1 ikusteko, eta ostiraletan Go!azen ere ikus dezatela». 11. denboraldia izango du telesail horrek azarotik aurrera. Hilabete berean itzuliko den beste saio bat Herri txiki, infernu handi izango da.
Horiek baino goizago itzuliko dira saio batzuk ETB1eko programaziora: Hitzetik hortzera bertsolaritza saioa, hilaren 14an; Artefaktua literatur saioa, hilaren 21ean; Teknopolis zientzia eta teknologia saioa, hilaren 28an; Mihiluze lehiaketa, hilaren 30ean; eta Hamaika entzuteko eztabaida saioa, urriaren 1ean. Azken programa horretan izango dituzten elkarrizketatuetako batzuk iragarri ditu Klaudio Landa aurkezleak: Izaro Andres, Bernardo Atxaga, Iker Galartza, Aiora Renteria, Jon Plazaola, Iñigo Etxezarreta eta Lucia Lakarra. Gainera, bi eztabaida mahai izango dituzte. Gora bihotzak saioa, bestalde, urritik aurrera ostegunean emango dute, 22:30ean, eta Julen Telleria itzuliko da aurkezle lanetara Miren Nogalesen albora; bitartean, astelehenetik ostegunera izango da ikusgai.
Kiroletan, bestalde, futbolaz gain, urriaren 28an hasiko da Winter Series txapelketaren denboraldi berria.
Programaziora itzuliko dira Biba zuek! magazina, Txoriene, Joseba Argiñano Sukalerrian eta EITB Kultura ere.
'Vaya semanita', hilaren 19an
ETB2 katean, bestalde, Vaya semanita umore saioaren itzulera izango da berritasun nabarmenetako bat. Hilaren 19an hasiko dira denboraldi berria ematen. Ostiral honetan Gasteizen gala berezi bat egingo dutela iragarri du Maribel Salas aktoreak. Harekin batera, honako aktore hauek ariko dira etapa berrian umorezko esketxak egiten: Andoni Agirregomezkorta, Miriam Cabeza, Nerea Garmendia, Javier Anton, Diego Perez eta Lorea Intxausti.
Umorezko beste saio bat ere estreinatu berri du gaztelaniazko kateak: RH +. Astelehenetik ostegunera ematen dute, Teleberri-ren ostean. Gorka Aginagalde aktoreak aurkezten du. Esan duenez, ikusle datuak onak izan dira lehen egunetan.
ETBk, bestalde, Klik belaunaldia dokumental saioa emango du bi kateetan; lehen atala Primeran plataforman ikusi ahalko da aste honetan bertan, euskaraz. Interneteko sare sozialek eta pantailek gaztetxoengan duten eragina aztertzen du lan horrek, Porno belaunaldia-ren bideari jarraituz.
La noche de... zinema saioak 30. denboraldia izango du aurten, Dani Alvarez aurkezlearen eskutik. Bestetik, Vascos por el mundo saioko lantaldeak Euskadi solidaria izeneko programaren lau atal egingo ditu: munduan barrena, elkartasun proiektuetan lanean ari diren euskal herritarrekin egingo dituzte atal horiek.
ETB2 kateko programaziora itzuliko dira datozen egun eta asteetan honako saio hauek: La Caza, Baserri Gourmet, En Jake, A Bocados, Quédate, Esto no es normal eta La otra cara, besteak beste.