ETBk Norvegiako NRK 3-NRK Super kate publikoaren Lars zonbia telesaila emango du ostiraletik aurrera, euskarara bikoiztuta. Lehen atalaren estreinaldia ETB1en eta ETB3n egingo dute, aldi berean, 21:00etan. 8-12 urte arteko neska-mutikoentzako fikzioa da, eta datorren astetik aurrera ETB3 kateak emango du, ostiral gauetan.
Istorioaren protagonista 11 urteko haur bat da: Lars. Erdi zonbia da, eta bere tokia aurkitzen saiatuko da aurreiritziz betetako gizarte batean. Norvegiako Bekkebakken herri txikira joan da bizitzera Lars, amarekin. Han konturatuko da hura bezalako pertsona desberdinak ez direla espero bezain ongietorriak. Izan ere, aitaren geneak direla eta, erdi zonbia da mutikoa. Eskolan «hil biziduna» deituko diote, zonbi hitzak duen konnotazio ezkorrak saihesteko eta integratzen laguntzeko asmoz. Baina Lars fisikoki suntsiezina da. Horren eraginez,jazarpena jasango du ikastetxean; eskolako kideek gupidarik gabe botako dute teilatutik behera, esate baterako.
Dena den, Larsek pixkanaka ezaugarri bereziak dituzten beste haur batzuk ezagutuko ditu: ninjak, sorginak, iratxoak eta trollak. Lagun talde berezia osatuko dute denek, eta elkarrekin seguruago sentituko dira. Abentura harrigarriak biziko dituzte handik aurrera, eta gizartean euren tokia topatzen saiatuko dira.
Komedia dramatiko «freskotzat» jo du ETBk Lars zonbia. Gaztaroko lehen urteetako zenbait gai jorratzen ditu: adiskidetasuna, familia eta lehen maitasuna. Era berean, diskriminazioa eta eskola jazarpena ageri dira istorioan, umorearen eta naturaltasunaren ikuspegitik.
Norvegiako telesailak Gullruten telebista saria irabazi zuen iaz hiru kategoriatan: haur eta gazteentzako saiorik onena, jatorrizko telebista gidoirik onena eta soinu bandarik onena. Haur eta gazteentzako saiorik onenaren Rose d'Or saria ere lortu zuen joan den urtean, Suitzan. Miamiko (AEB) Kidscreen Awards sarietan, berriz, animaziorik gabeko telesail onena izendatu zuten. Gainera, BANFF jaialdiko Rockie Awards sarietan bi izendapen jaso zituen,2018an eta 2019an.
Mixer enpresak bikoiztu du
Lars zonbia telesailaren euskarazko bikoizketa Mixer enpresak egin du. Kontuan hartu behar da Bieuse bikoiztaile euskaldunen elkarteak azkeneko hilabeteetan ez duela lanik egiten ETBrentzat, azken urteetan bikoiztaileei egindako beherapenak direla eta —sei urtean %37ko jaitsiera izan zuten—. Lanuzte hori dela eta, azkenaldian soilik Mixer enpresak egiten ditu bikoizketa lanak Euskal Telebistarentzat.
Azkeneko hamarkadan oso gutxi izan dira euskarara bikoiztu eta ETBn emititu dituzten atzerriko telesailak. TV3eko Merlí izan da azkenetako bat: 2018ko urtarrilean hasi ziren ematen ETB1en, eta iazko urtarrilaren 13an amaitu zuten. Horren aurretik, ETBk Chuck eman zuen bikoiztuta.
ETB3k Norvegiako 'Lars zonbia' telesaila emango du ostiral gauetan
Haurrentzako fikzio bat da, eta etzi estreinatuko dute, ETB1en eta ETB3n, 21:00etan

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu