ETB3k '3txulo' estreinatuko du otsailaren amaieran

Haurrentzako saio fikzionatua egunean hiru aldiz emango dute.Baleuko etxearen saioa otsailaren 8an hasiko dira grabatzen

Zuriñe Hidalgok Ixabelena egingo du, eta oraina irudikatuko du. IDOIA ZABALETA / ARP.
urtzi urkizu
2016ko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Abenduan amaitu zen ETBko Sorgintxulo saioa, eta programako kideek nabarmendu dute neska-mutil askorengana iristea lortu zutela. Haurrentzako saio berri bat ari da prestatzen orain Euskal Telebista: 3txulo. Telesail baten modukoa izango da, fikzionatua, eta otsailaren amaieran estreinatuko dute ETB3n; grabaketak otsailaren 8an hasiko dituzte, Miramonen.

Etxe batean gertatzen direnak jasoko ditu saioak. Hiru pertsonaia protagonista izango dira: Laura (Amancay Gaztañaga), Bittor (Iker Galartza) eta Ixabel (Zuriñe Hidalgo). Etorkizunetik dator Laura, iraganetik Bittor, eta oraina irudikatzen du Ixabelek. Horien abenturak eta elkarbizitza kontatuko du Baleuko ekoizpen etxearen programak. Gainera, bi galtzerdi izango dira, eta Sorgintxulo-ko Gorritxok jarraituko du. Egunean hiru aldiz emango dute: 08:20an, 13:00etan eta 19:30ean.

Telesail forma izango duen tarteaz gain, 3txulo saioak atal berezituak izango ditu: mikrotxuloak. Tarte horietan, sukaldaritza, eskulanak, esperimentuak, zientzia, historia eta halako gaiak izango dira, neska-mutikoentzako azalpenekin.

Sorgintxulo-n bezala, Euskal Herriko neska-mutikoen parte hartzea zabalik egongo da saio berrian. Hartara, haurrek marrazkiak bidaltzeko eta urtebetetzea zoriontzeko modua izango dute.

Programan ariko den lantalde teknikoa ia osorik Sorgintxulo-ko berbera izango da. Ane Rotaetxe izango da zuzendaria. Gidoilarien artean, berriz, Txetxu Altolagirre ariko da.

Itziar Azpeitia ETBko saio entretenigarrien arloburuak adierazi du haurrek «garrantzi handia» dutela ETBrentzat: «ETB3 haientzat dago pentsatua, goitik behera. Programazioan marrazki bizidunak dira nagusi, eta formatu berri honek katea egituratzen lagunduko du». Azpeitiaren iritziz, xede horrekin eskaintza «egokia» eta «gustukoa» egingo du 3txulo-k. «Haurren kontuak, ilusioak eta kezkak islatuko ditu. Haurrentzat entretenigarria izateko asmoa du».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.