Komunikazioa

ETB2k 'Ya queda menos' umore saioa estreinatuko du hilaren bukaeran

Gaur-gaurko gaiak umorez jantziko dituzte; Oscar Terolek eta Sara Gandarak gidatuko dute saioa

Euskal Herriko aro politiko berriko bufoia izan nahi du Ya queda menos saioak. EITB.
Adrian Garcia.
2013ko apirilaren 10a
00:00
Entzun
Umore saioa estreinatuko du ETB2k, hilaren amaieran: Ya queda menos. Oscar Terolek eta Sara Gandarak gaur-gaurko gaiak umore klabean jorratuko dituzte. Astero emango dute saioa, iluntzean.

Ya queda menos (gutxiago geratzen da) izenburua ez diote alferrik jarri. «Gaur-gaurko gaiak jorratzen dituzten informazioetan behin eta berriro errepikatzen den leloa da: gero eta gutxiago geratzen da. Diru gutxiago, baliabide gutxiago...», azaldu du Oscar Terolek. Gaur-gaurko albisteak umore eta kritika ikuspegitik landuko dituzte. Halere, izenak zentzu baikorra ere izan dezake, gutxiago geratzen baita krisialditik ateratzeko ere. Hori da, hain zuzen ere, saioaren xede nagusia: «Albisteek alderdi ezkorra jorratzen dute, eta, guk, umorearen bidez ezkortasun hori irauli nahi dugu. Esaldi hori da albisteen eta guk saioarekin egin nahi dugunaren arteko lotura».

Albistegietako berriak izango dira, beraz, Terol eta Gandarak gidatuko duten saioaren lehengaia. Aurretik egindako umore saioek ez bezala, gaur-gaurko gaiak bakarrik landuko dituzte. «Lehen lantzen genituen gai surrealistak baztertuko ditugu, eta asteko albisteei bakarrik emango diegu begiratua».

Umorea egiteko gaurk-gaurko gaiak sobera daudela dio Terolek, egunkariak eta albistegiak iturri agortezina baitira. «Gure harritzeko gaitasuna amaituta zegoela zirudienean, gai berri bat ateratzen da, eta Ipar Koreako presidenteak mundua lehertu nahi du, edo beste Barcenas bat azaltzenda».

Aro berriko bufoiak

Nazioartera begira jarriko badira ere, Euskal Herriko egoera soziopolitikoak leku nabarmena beteko du. «Aro politiko berriko bufoi komikoak izan nahi dugu, gaur-gaurko gaien zinta komikoa», dio umoristak.

Saioa Oscar Terolek eta Sara Gandarak aurkeztuko dute. Platoan asteko albisteei begiratu bat emango diete. «Lehenengo zatian, informazio hutsa emango dugu, eta, ondoren, berriari buruzko iruzkin satiriko-ironikoa etorriko da». Vaya Semanita-n ez bezala, saiora ez dute inor gonbidatuko. Platotik edukiak aurkeztuko dituzte, hau da, komikoek eginiko esketxei bide emango diote. «Saioaren zati handi bat platoan egingo da».

Umorea jorratzeko, eskarmentu handiko lantaldea izango dute Oscar Terolek eta Sara Gandarak. Asier Hormaza, Miriam Cabeza, Iker Galarza, Humberto Gutierrez, Santi Ugalde eta Maribel Salas aktoreak arduratuko dira albisteetako pertsonaiak imitatzeaz eta esketxak egiteaz. Gustura dago Terol egokitu zaion lantaldearekin. «Lantalde ona da, azken urteetan Euskal Telebistan egin diren umore saioetan parte hartu dute, eta umorea egitea gustatzen zaie». ETB1ean ere umore saio berri bat egitekoak dira aurki, eta Ya queda menos saioan lan egingo duten aktore batzukbi saioetan parte hartuko dute. «ETBn umorea egiteko harrobi ona dago. Beste batzuek urte dezente daramatzate horretan, eta luxu bat da haiekin lan egitea».

Iñigo Agirre berriemailea arduratuko da politikariei galdera deserosoak egiteaz. Legebiltzarrera joango da, eta albiste diren gaiei buruz hitz egingo du politikariekin.

Telebista batean, aktoreak eta gidoilariak dira gauzarik hauskorrenak, Terolen aburuz, arazoak daudenean desagertzen lehenak. Horregatik, «ilusio» berezia egiten dio aktore lantalde handi batekin aritzeak. «Iraultzailea da saio batek zazpi edo zortzi komiko izatea».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.