«Euskal Herrian aurrekaririk ez duen esperimentu soziologikoa». Modu horretan definitu du Euskal Telebistak La calle sin gobierno programa berria. ETB2 kateak bihar estreinatuko du saioa, 22:30ean. Gaur, berriz, aurrestreinaldia egingo dute Balmasedako (Bizkaia) Klaret antzokian, 19:30ean. Hain zuzen ere, herri horretan egingo dute aipatutako esperimentua.
Balmasedako kale bateko sei familiak sei astez zergak ordaintzeari utziko diote, eta elkarlanean kudeatu beharko dute auzoa. Herritarrek erronka horri nola egingo dioten aurre erakutsiko du saioak. Formatua Erresuma Batuko BBCn egin zuten duela urte batzuk, eta Italiako RAIk ere egokitu du. Euskal Herrian, ordea, lehen aldiz ikusi ahalko da formatua telebista konbentzionalean.
Xabier Garcia Ramsden kazetariak aurkeztuko du saio berria —asteotan ETB2ko Quédate magazina aurkezten ere jarraituko du arratsaldetan—. Udalak eskaintzen dituen zerbitzuei uko egin eta gero, familia protagonistek euren kabuz moldatzen ikasi beharko dute: «Zer gertatuko litzateke zaborra inork jasoko ez balu? Eta kalean argirik gabe geldituko balira? Nola jokatuko lukete garabiari deitzeko aukerarik izango ez balute?». ETBk iragarri duenez, saioan ika-mikak, hausturak, bateratzeak, negarrak eta barreak tartekatuko dira. Esperimentua amaitzen denean, parte hartu duten familiek erabaki beharko dute burujabe izaten jarraitu nahi duten ala udalaren kide izatera pasatu nahi duten berriz ere.
ETB2 kateak beste saio bat estreinatu du aste honetan: La otra cara. Leire Torrek aurkeztuko du astelehen gauetan, eta udako jaiak eta bestelako errealitateak beste modu batean ezagutzeko aukera emango dute, erreportajeen bitartez.