Iruñeko Nafarroa Arenan Mitoaroa ikuskizuna emango du bihar eta etzi Zetak musika taldeak. Sarrerak amaituta daude, baina etxeko pantailan ere ikusi ahalko da larunbat gaueko kontzertua (22:00), zuzenean, EITB taldeari esker. ETB2 kateak eta Primeran plataformak emango dute ikuskizuna; kontakizuna Xabier Garcia Ramsden kazetariak egingo du ETB2n —gaztelaniaz—; Primeran-en ez da off-eko ahotsik entzungo. EITBk iragarri du «operatibo berezia» prestatu duela kontzertua emateko: hogei kamera erabiliko dituzte —tartean, burubero eta kablecam izenekoak—. Unitate ibiltari batetik kontrolatuko dute seinalea. Errealizazio, produkzio, teknikari eta argiztatze lanetan, 30 langile baino gehiago ariko dira kontzertua telebistaz emateko.
Aaztiyen diskoan dago oinarrituta Mitoaroa ikuskizuna. Unanuko (Nafarroa) tradizioa, kultura, mitoak eta pertsonaiak uztartuko ditu Pello Reparazen taldeak. Mamoxarroen eta muttuen janzkerak eta historiak presentzia nabarmena dute. Erramun Martikorena musikariak parte hartuko du kontzertuan —Itzulera abestia kantatuko du Reparazekin batera—. Honako gonbidatu hauek ere izango dituzte: Unanuko Mamuxarruak, Lantzeko Ihauteria, Kukai dantza taldea, Iturengo joaldunak, Tuterako Zipoteroak, Altsasuko Momotxorroak, Zubietako Joaldunak eta Arbizuko Txatarrak. «Geure euskal eta nafar iruditeria kolektiboa hobekien erakusten duten horiek guztiak ikuskizunean izango dira», iragarri du Reparazek. 2019. urtean sortu zuten Zetak taldea, eta bosgarren urteurrena ospatuko dute asteburuan Nafarroa Arenan.
Betizu Taldearen kontzertua
Bestelako musika eskaintza berezi bat ikusi ahal izango da datorren astelehenetik aurrera Primeran plataforman: Betizu Taldearen gala. Talde horrek 2002tik 2006ra iraun zuen, eta, hogei urte geroago, zortzi taldekide elkartu dituzte kontzertu bat egiteko. Xabin Fernandezek zuzendu du Primeran-ek eta Baleuko ekoiztetxeak ekoitzitako gala hori, eta iragarri du kontzertua lau zatitan banatuta egongo dela, Betizu Taldearen lau diskoak ardatz hartuta: BT 1.0, Garaje Sound, Bizi Bizi eta Gazteok. Honako kantariek parte hartuko dute galan: Leire Merinok, Ainara Epeldek, Jon Urbietak, Karla Duranek, Zuriñe Hidalgok, Telmo Idigorasek, Saida Rouanek eta Elene Arandiak.
Joseba Olagaraik eta Nerea Aliasek aurkeztuko dute gala. Musika arduraduna, berriz, Iñigo Etxarri izan da. «Saiatu gara kontzertu aurretik kantariak nola elkartu diren grabatzen, haietako batzuek ez baitute elkar ikusi hogei urtean», azaldu du Fernandezek. «Bideo nostalgikoak eta artxiboko irudiak ere egongo dira, baita beste partaide batzuen mezu laburrak ere».
Artista gonbidatu bat ere izango dute galan: Olaia Inziarte. «Betizu Taldearen kanta baten moldaketa egiteko eskatu genion, eta oso une berezia izan da hori». Publikoarekin grabatu zuten gala, azaroaren 11n, Donostiako Miramongo estudioetan.
Erraketisten telesaila
Primeran plataformak, halaber, estreinaldi berezi batekin hasi du urtea: Las Pelotaris 1926 telesaila. Duela ehun urteko erraketisten inguruko fikzio hori Skyshowtime ordainpeko plataforman ikus zitekeen orain arte, gaztelaniaz. Baina gaurtik aurrera Primeran-en ere ikus daiteke, euskarara bikoiztuta.
Euskal Herriko hainbat profesionalek egin zuten lan ekoizpen horretan. Rol txiki batzuetan ageri dira, esate baterako, Iñigo Aranburu, Iñaki Beraetxe eta Maria Redondo aktoreak; neska-mutiko batzuk ere euskaldunak dira. Hala ere, aktore protagonistak Espainiakoak edo Mexikokoak dira: Zuria Vegak Mexikoko erraketista batena egiten du. Claudia Salasek eta Maria de Natik, berriz, Euskal Herriko bi erraketista protagonisten rola antzezten dute. Telesailaren sortzailea Marc Cistare da.