ETB2k eta Primeran-ek 'Marea laranja' dokumentala estreinatuko dute bihar

Euskal Herriko txirrindularitzazaleen sentimenduak jasotzen ditu dokumentalak. Ekhi eta Haitz Mendibilek zuzendu dute lana.

'Marea laranja' dokumentala. EUSKALTEL
'Marea laranja' dokumentala. EUSKALTEL
urtzi urkizu
2024ko urriaren 5a
05:00
Entzun

2001. urtean, Roberto Laiseka txirrindulariak garaipena lortu zuen Luz-Ardideneko etapan, Frantziako Tourrean, Euskaltel-Euskadi taldearen lehen Tourrean hain zuzen. Euskal Herriko zaleen marea laranja bat osatu zen orduko hartan, eta hala jarraitu du orduz geroztik ere. Euskaltel-Euskadi taldearen eta haren zaleen istorioak biltzen dituen dokumental bat zuzendu dute Ekhi eta Haitz Mendibilek: Marea laranja. ETB2 kateak bihar estreinatuko du, 19:40an; ondotik, 20:00etatik aurrera, EITBren Primeran doako plataforman izango da ikusgai. Euskaltelek ekoitzi du ikus-entzunezko lan hori.

Dokumentalaren ekoizleek nabarmendu duten moduan, laranjaz jantzita doazen zaleek ez dituzte soilik Euskaltel taldeko txirrindulariak animatzen: Euskal Herriko txirrindulari guztiak animatzen dituzte. Gernika-Lumoko (Bizkaia) Guillermo Oruetxebarria zaletuaren hitzak entzuten dira trailerrean: «Euskaltel-Euskadi talde txikia da, talde umila eta herri txikia, baina herriaren taldea». Sentimendu horiek eta balio horiek Euskal Herriko mugetatik kanpo hedatu direla diote dokumentalaren egileek.

Ekhi Mendibil lanaren bi zuzendarietako batek nabarmendu du txirrindularitzazaleak direla dokumentalaren protagonista nagusiak. «Lehenbizi, kanpoko norbaitengan pentsatzen hasi ginen. Ea atzerriko batek Tourra ikustean, hainbeste jende laranjaz jantzita ikusita, zer pentsatuko ote duen. Horri erantzun bat ematen saiatu gara, istorio hori kontatzen».

Dokumentalean agertzen diren zaleen artean ezaugarri oso desberdinak daude. «Euskal Herriko gizartearen aniztasuna erakusteko egin dugu hautu hori». Zale horien elkarrizketetan, aukera eman diete nahi zuten hizkuntzan hitz egiteko. Hartaz, gehienbat gaztelaniaz eta euskaraz da lana. Baina entzuten da frantsesa, italiera eta ingelesa ere. Azpidatziak ditu dokumentalak. «Egitura aldetik, bestetik, narrazio koral bat egin dugu. Ez dago off-eko ahotsik, eta istorioa pertsonen ahotsekin josten da».

Ander Izagirreren laguntza

Dokumentalaren gidoia Zuri Goikoetxeak eta Ainhoa Andrakak sinatzen dute. Argazki zuzendaria, berriz, Arian Quinteiro da. Zuzendariek nabarmendu egin dute Ander Izagirre kazetariak emandako laguntza. Dokumentazioan aritu da bereziki Izagirre. Edonola ere, hiru kazetarik daramate dokumentalaren narrazioaren pisua: Izagirrek berak, Xabier Usabiagak eta Arritxu Iribarrek.

Mendibilen ustez, Euskaltelek marea laranjaren istorioa kontatuko ez balu, ez luke beste inork kontatuko. «Baina Euskaltelek ekoizteak ez du esan nahi iragarki bat egin dugunik». Zuzendariak iragarri du, batetik, ikus-entzuleek maitatu egingo dituztela agertzen diren pertsonaia anonimoak, eta, bestetik, euskal txirrindularitzan garrantzitsuak izan diren kirolariak ere agertzen direla. Marino Lejarreta azaltzen da, adibidez. «Oso-oso garrantzitsua izan zen Lejarreta, marea laranja ez baitzen egun batetik bestera sortu. Lejarreta herriko txirrindularia izan zen, afizioa sortu zuen txirrindulari bat, nahiz eta ez zen Euskaltelen aritu». Joxean Fernandez Matxin, Julian Gorospe, Iban Mayo, Igor Anton eta beste txirrindulari ohi batzuk ere azaltzen dira. Txirrindulariek, kirol zuzendariek, prestatzaileek eta zaleek osatzen dute Euskaltel-Euskadiren historia eta Marea laranja-ren kontakizuna.

'Marea laranja' dokumentalaren trailerra.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.