ETB2 kateak erreportaje saio berri bat sortu du igande gauetarako, 360º programaren lekua betetzeko. Eider Hurtado kazetariak zuzendu eta aurkeztuko du —Nerea Reparazek lagunduko dio aurkezpen lanetan—, eta 360º saioko lantaldean zeuden gehienek parte hartuko dute saio berrian. «Formatua berritu nahi genuen, gaurko gaiei hobeto heltzeko», azaldu du Hurtadok. Saioaren izena Aquí y ahora izango da, eta gaur gauean emango dute lehen atala, albistegiaren ostean.
Hurtadok aitortu du programak antzekotasunak izango dituela 360º-rekin. «Baina jorratuko ditugun gaiek gure gizartean gertatzen ari diren aldaketa sakonak izango dituzte ardatz. Ikus-entzulearekin konektatu nahi dugu; bere ardurak aztertu, eta erantzunak eman». Euskal Herriko gizarteak dituen kezkei erantzun nahi die saioak. «Gaur egun galdera asko egiten dizkiogu geure buruari, gure gizarte aldakorrari so, eta saioan erantzunak eskaintzen saiatuko gara».
Datu kazetaritzan ahalegina egingo du saioko lantaldeak. Horretan arituko da bereziki Nerea Reparaz —2017tik 2020ra ETBko berriemailea izan zen Parisen—. Datuak eman eta horiek frogatzen dituzten esperientzien bila arituko da. Hurtadok, beste alde batetik, ikerketa gidatuko du, «erreferentziazko» adituekin hitz eginez eta gako nagusiak aztertuz. «Talde indartsua osatu dugu, hemen eta orain dauden gai handiei heltzeko», aipatu du Hurtadok, saioaren izenburuari erreferentzia eginda.
Reparazek honela definitzen du saioan izango duen zeregina: «Datu kopuru handia bilatu, landu, filtratu eta testuinguruan jarriko dugu. Datu horiek oso lagungarriak dira gero gaia eta haren dimentsioa ulertzeko». Gaineratu du datu batzuk ikerketa baten abiapuntua ere izan daitezkeela. «Gainera, lantzen dugun gaia janzten laguntzen digute, eta funtsezkoak dira ondo osatutako iritzia izateko».
Programa berriaren filosofiari buruz, berriz, zera iragarri du Reparazek: «Gure helburua da gizartearen egunerokotasuna baldintzatzen duten gaiei so egin eta ahalik eta ikerketa osatuena egitea. Gizarte gaiei hari mutur anitzetatik tira egin, eta erradiografia bat egin nahiko genuke».
Gaur, estreinako atalean, kontsumitzeko moduak izango dituzte hizpide. Hurtadok iragarri du «kontzientziak astindu» nahi dituztela: «Amazon plataforma boteretsuaren garroak noraino iristen diren erakutsiko dugu; bere merkataritza ereduaren hedapenak dituen ondorioak azaleratu, kontsumitzaileak jakin dezan bere erabakien atzean zer dagoen».
Reparazek dio «sakon» aztertuko dituztela gaiak. «Herritarrengan eragin handia duten gaiak izango dira: elikadura, Interneteko sare sozialak, eta abar».
ETB2k 'Aquí y ahora' erreportaje saioa estreinatuko du gaur gauean
'360º'-ko lantaldeak jarri du martxan programa berria. Amazoni buruz arituko dira lehen atalean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu