ETB1eko 'Debatea' gaur amaituko da

2013ko urtarrilean hasi zen saioa, eta hiru denboraldi izan ditu.Urtarrilaren 9an, ETBk ostegun gauetarako apustutzat jo zuen

urtzi urkizu
Donostia
2015eko otsailaren 12a
00:00
Entzun
Bi urte eta hiru denboraldiren ostean, ETB1eko Debatea saioa gaur amaituko da. Laino arteko amaiera izango du eztabaida programak, ETBk hartutako erabakiak hainbat eragileren kritika jaso baitu.

Urtarrilaren 9an, 2014ko balantzea eta 2015eko programazioa aurkeztu zituen ETBko zuzendaritzak. Edu Barinaga ETBko zuzendariak esan zuen euskarazko katean ostegunetarako apustua Debatea zela. Urtarrileko azkeneko astean, PPk, UPDk eta Covitek biktimentzako «umiliaziotzat» jo zuten Mikel Zubimendi saiora joatea. PSE-EEk iragarri zuen Iñigo Urkulluri galdera egingo ziola Eusko Legebiltzarrean, sozialistek ere ez zutelako begi onez ikusten HBko legebiltzarkide ohiak parte hartzea. Aste horretan bertan, ETBk saioaren amaiera iragarri zuen. «Abendutik aurreikusita zegoen Debatea Jaime Otamendik zuzendutako erreportaje sorta batek ordezkatuko zuela», esan zuen ETBk. Solaskidearen iritziekin ez zetorrela bat ere adierazi zuen ETBk.

Xabier Usabiaga aurkezleak ez zuen saioaren amaieraren berri, ez abenduan, ez urtarril hasieran. «Zubimendiren afera gertatu eta gero esan zidaten ETBk saioa kenduko zuela». Saioa kentzeko erabakia politikoa dela esan duten salaketen inguruan ez du iritzirik eman nahi aurkezleak.

EITBko LABek salatu zuen «EAJren esanetara» dagoen zuzendaritzak «zentsuraren bideari» heldu ziola: «Ez du nahikoa izan solaskidearen parte hartzea etetea, eta saio osoa bertan behera utzi du». EH Bilduk, berriz, Edu Barinagaren agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, saioa kentzeko arrazoien berri eman dezan. Koalizioarentzat, «ulertezina» da hiru aste lehenago ETBko zuzendariak esatea saioak jarraitu egingo zuela eta, «sorgin ehizaren» ostean, amaiera iragartzea.

Prime-time-an eztabaida saiorik gabe geldituko da orain ETB1. Klaudio Landa izan zen programako lehen aurkezlea, Erpin ekoizpen etxearekin lehenik, eta K2000rekin gero. 2013-2014ko denboraldian hartu zuen erreleboa Usabiagak, Baleukoren eskutik. «2014ko urtarriletik ekainera oso ikusle datu onak izan genituen. Aurten gorabehera gehiago izango ditugu; zerbait jaitsi da». ETBko beste saioen pare, dena den. Karmelo Vivanco ekoizle eragilearen arabera, «datuen joera ez zen goranzkoa».

Gaur, azkeneko programan, PPk eta PSOEk Zigor Kodea gogortzeko egin duten estatu itunaren inguruan eztabaidatuko dute (22:25). Usabiagak albistegietako lanarekin jarraituko du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.