ETB1ek 'Ztanda' musika lehiaketa estreinatuko du gaur gauean

Lehiakideak 17-24 urte artekoak dira. Astero hamarkada bateko kantak abestuko dituzte

Ztanda saioko lantaldeko kideak eta hamahiru lehiakideak, Bilboko Campos antzokian. ETB.
urtzi urkizu
2023ko urriaren 29a
00:00
Entzun
Joan zen Bago!az musika lehiaketa, eta hemen da Ztanda. ETB1ek gaur estreinatuko du musika eta dantza talent show berria, Barbara Goenaga aktorearen gidaritzapean. Goenagak aurkeztuko du saioa, igande gauetan, eta aldamenean izango du Iker Villa musikaria. Hain zuzen ere, Villa backstage-an egongo da, eta lehiakideak elkarrizketatuko ditu oholtzara igo aurretik.

Saioko kantu irakaslea Adrian Garcia de los Ojos musikari eta aktorea izango da. Dantza irakaslea, berriz, Eider Rodriguez dantzaria. Eta epaimahaikide lanetan Klara Mendizabal, Leire Martinez eta Beñat Rodrigo Kiliki Frexko arituko dira.

Programako zuzendariak Miquel Rodriguez eta Lorea Perez de Albeniz izango dira. Perez de Albenizek nabarmendu du Euskal Herri osoan egin zituztela hautaprobak, eta lehiakide guztiak 17-24 urte artekoak izango direla. «Hamar programa egingo ditugu. Atal bakoitzean hamarkada bateko musika landuko da; esate baterako, aurreneko saioan 1990eko hamarkadako abestiak kantatu beharko dituzte lehiakideek». Kantatuko diren abesti horien artean, batzuk euskaraz izango dira, eta besteak, ingelesez, gaztelaniaz edo beste hizkuntza batean.

Miquel Rodriguez aritu da kanten aukeraketan, Fermin Etxegoien gidoilariarekin eta lantaldeko beste lagun batzuekin batera. Saioko irabazleak 15.000 euroko saria jasoko du.

Lehiaren dinamika

Saioko ibilbidean zehar, bestalde, musika munduko adituen eta abeslari ezagunen ezusteko bisitak izango dituzte lehiakideek. Tartean bideoak egongo direla gaineratu du Perez de Albenizek: «Entseguetako bideoetan, kantarien arteko harremana jasoko dugu. Bestetik, lehiakideak hobeto ezagutzeko, haien herrietara joango gara senideekin eta lagunekin hitz egitera».

Lehiaren dinamikari dagokionez, astero hiru fase egongo dira: lehen fasean, lehiakideak talde handitan arituko dira kantuan; bigarren fasean, talde txikiagotan zein bakarka kantatuko dute; eta ondoren iritsiko da arriskuan egongo direnen arteko duelua—aurretik, galako irabazleak arriskuan dauden hiru lehiakideetako bat salbatuko du—.

Gaur, estreinaldiko saioan, hamahiru kantarik hasiko dute lehia. Baina gaur bertan horietako bi lehiakide kanporatuko dituzte. Perez de Albenizek azaldu duenez, dueluan ariko diren bi lehiakideek haiek aukeratutako kantak abestuko dituzte, eta, kasu horretan, ez da dantzaririk egongo.

Honako hauek dira saioko hamahiru lehiakideak: Danel Arteaga, Enara Arregi, Erik Retamosa, Gaizka Fernandez, Itxaso Alberdi, Jon Castañeda, Jon Sortelle, Julen Leturiondo, Miriam Lujua, Nahia Ricoy, Naiara Trifol, Violeta Goñi eta June Nabaskues. Azken hori Interneteko sare sozialen bidez aukeratu zuten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.