ETB1ek Txoriene sukaldaritza saioa estreinatuko du maiatzean. Xuban Intxaustik aurkeztuko du astelehenetik ostiralera bitartean; euskal sukaldarien bisita jasoko du Miramongo estudioan, eta horiek beren jatetxeetako errezetak lau haizeetara zabaltzeko aukera izango dute. «Euskal Herrian ditugun jatetxeei leiho bat ireki nahi izan diegu, Euskal Herriko sukaldearen muskulua erakutsi nahi dugulako. Sukaldari xume eta kalitatekoa ere badagoela erakutsi nahi diogu jendeari», adierazi du Intxaustik. Eguerdiko zein arratsaldeko Gaur Egun albistegien aurretik emango dute saioa, eta 25 minutu iraungo du.
Lehen denboraldian bederatzi sukaldari gonbidatuko dituzte, eta bakoitzak astebete izango du bere gustuko platerak ezagutarazteko. «Isilean jarduten duten sukaldariei merezi duten tartea eman» nahi die saioak. Formatu aldetik, sukalde saioetan berriak diren ezaugarriak izango ditu Txoriene-k: adibidez, saio bakoitzean gonbidatuaren inguruko bideo bat ikusi ahal izango da. «Programa bakoitzaren hasieran minutu bateko bideo bat emango dugu, gonbidatuaren jatetxearen irudi eta informazioarekin. Haren ingurua eta bizimodua erakusteko ere balioko du». Sukaldari horiek aukeratzeko orduan, bereizgarriak izan daitezkeen ezaugarriak izan dituzte hizpide: «Izaera desberdineko jendea aukeratzen saiatu gara, eta, aldi berean, esperientzia bitxiak bizi izan dituztenak. Adibidez, batzuk Japonian ibili dira, beste batzuk ezkontzetarako sukaldatzen dute... Emakumearen irudiari ere garrantzia eman nahi izan diogu, eta bederatzi gonbidatuetatik hiru emakumeak izango dira», esan du Intxaustik.
Aurkezlearen ezjakintasuna ere oinarrizko elementua izango da, eta, horrela, etxean sor daitezkeen zalantzen ispilua izango da Intxausti. «Nire ezjakintasuna saioaren parte bilakatuko dugu. Hau da, etxean egon daitezkeen zalantzen adierazle izango naiz, eta une oro galderak egingo dizkiot gonbidatuari». Aldi berean, protagonista nagusia sukaldaria izango dela nabarmendu nahi izan du. Horrelako saioetan, pertsona bakarra ikusi ohi da sukaldean lanean, eta horrek ematen dio erritmoa programari. Txoriene-n, berriz, bi pertsonen arteko solasaldiak ikusiko dira; programaren nortasuna eguneko gonbidatuaren araberakoa izango da. «Kasu honetan, pertsonaia nagusia ez naiz ni, baizik eta sukaldaria. Programak gonbidatuaren araberako nortasuna izango du».
Gazteen atentzioaren bila
Horrelako saioetan, 50 urtetik gorakoa izan ohi da ikusleen profila nagusiki; baina Intxaustiren arabera, «saioaren estetikak jende gaztearen atentzioa» ere erakarri nahi du.
Bi protagonisten solasaldietan, eguneko eta iraganeko gaiak ere landuko dira. «Hirian bizi izan den batentzat iraganeko hitzak berriak izan daitezke, eta alderantziz. Pertsona heldu batek agian ez du gertutik aztertzen gaur egungo gairen bat. Horren inguruan hitz egingo dugu sukaldean jardun bitartean».
Beraz, Euskal Telebistak sukaldaritzari buruzko saio berria emango du, eta, horrela, euskal gastronomi ezinago ospetsuak beste txoko bat izango du telebistan. «Kate publikoek gizartearen ispilu izan behar dute, eta euskal gizartean gastronomia oso presente dagoen zerbait da».
Komunikazioa
ETB1ek 'Txoriene' sukaldaritza saioa estreinatuko du maiatzean
Xuban Intxaustik Euskal Herriko jatetxeren bateko sukaldari bat izango du gonbidatu, astebetez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu