Telebista

ETB1ek 'Sukaldarien liga' estreinatuko du laster

Euskal Herriko sukaldaririk onenaren titulua eskuratzeko lehian ariko dira 50 lagun. Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du programa berria.

ETB1eko 'Sukaldarien liga' saioa.
'Sukaldarien liga' saioko aurkezle eta lehiakideak. ETB
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 9a
05:00
Entzun

ETBk lehendik ere baditu makina bat sukaldaritza programa, baina berritzat jo daiteke ETB1ek aurki abiaraziko duena: talent show gastronomiko bat. Beste herrialde batzuetako telebista kateetan badira halako gastronomia lehiaketak —haietako batzuek ikusle datu oso onak dituzte Euskal Herrian—, eta aurrerantzean euskarazko bertsioarekin gozatu ahalko dute formatu horren zaleek. Sukaldarien liga hemendik gutxira estreinatuko du ETB1ek.

Bizkaiko Prime Time Media ekoizpen etxeak egin du Sukaldarien liga Euskal Telebistarentzat. Bertan, 50 sukaldari profesional zein amateur hamar astez lehiatuko dira. Haien helburua izango da Euskal Herriko sukaldaririk onenaren titulua eskuratzea. EITB taldeak iragarri duenez, Euskal Herrian inoiz egin den sukaldaritza talent handiena da.

Ainhoa Etxebarriak aurkeztuko du programa —Etxebarria hainbat urtez aritu zen Gaztea irratian, eta ETB1en bertan Zurekin bat lehiaketa aurkeztu zuen—. Lehiakideek prestatzen dituzten jakiak baloratzeko, bestalde, epaimahai berezia osatu dute saioan. Hauek dira epaimahaiko kideak: Javi Rivero, Tolosako (Gipuzkoa) Ama jatetxearen jabe eta 2023ko sukaldari berririk onena —Primeran plataforman badu errezeta saio bat—; Maider Larrañaga, Arrasateko (Gipuzkoa) Arteaga jatetxearen jabe eta sommelierra; eta Aitzol Zugasti, Basque Culinary Centerreko trebatzaile eta AZko aholkulari gastronomikoa.

Lehiakideak Instagramen

ETBk iragarri duenez, hamar asteko norgehiagoka izango da Sukaldarien liga. «Tarte hunkigarriak, tentsio uneak eta ezusteko mordoa izango dira programan». Baina sukaldari bakarra izango da irabazlea. Finalean gailentzen den sukaldariak 25.000 euroko saria irabaziko du.

Sukaldarien liga saioan parte hartuko duten lehiakideak zein diren jakiteko modurik onena programaren Instagrameko kontuan sartzea da: sukaldarienliga_etb. Han ageri dira programan parte hartuko duten guztien argazkiak. Sukaldarien liga ETB1eko emankizun konbentzionalean emango dute, baina EITBren webgunean ere ikusi ahalko da zuzenean —ondotik, noiznahi ere bai—.

Prime Time Media ekoiztetxeak beste saio batzuk egin izan ditu Euskal Telebistarentzat: Kantu giro, Gailurra, Gailurra Xtream eta Baserria, besteak beste. ETB2n eguerdian ematen duen En jake saioa ere ekoizten du —Xabier Lapitzen aurkezten duen aktualitateko programa—.

Gastronomiak presentzia handia du ETBn. Iazko udako programazioan, esaterako, jakiekin lotutako lau saio estreinatu zituzten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.