«Abentura gastro-alaia». Modu horretan izendatu du ETBk Pintxo & Pote saio berria. Lehen kateak bihar estreinatuko du, 22:15ean. Asier Hormaza eta Andoni Agirregomezkorta aktoreen eskutik, ikus-entzuleek Euskal Herriko pintxo-potearen gune garrantzitsuenetako batzuk ezagutuko dituzte.
Bi pertsonaia antzeztuko dituzte Hormazak eta Agirregomezkortak: Hormaza Pintxo izango da, jan-edan zalea, baina mokofina eta modernoa. Eta Agirregomezkorta Pote izango da, tripa zakuagoa eta baldarragoa, itxura batean. Biak Euskal Herriko pintxo-poterik esanguratsuenak arakatzera eta horien inguruko istorioak ezagutzera abiatuko dira. Pintxoen tenpluak bisitatzearekin batera, tabernariak, pertsonaia xelebreak eta ospetsuak elkarrizketatuko dituzte.
On: Time ekoizpen etxeak egingo du saioa, eta zuzendaria Angel Aldarondo izango da. «Asmoa da Euskal Herriko pintxoen ildotik, pertsonaiak, istorio xelebreak eta pintxo-potearen giroa ezagutaraztea, umorez betiere», azaldu du Aldarondok. «Estiloa naturalista izango da, hurbilekoa, herrikoia eta batzuetan didaktikoa. Zenbaitetan kulturarekin eta kirolarekin uztartuko dugu», gaineratu du saioko zuzendariak.
Hormazak eta Agirregomezkortak aholkulari bat izango dute, pintxorik onena dastatzeko egingo duten bidaian: Josema Azpeitia elikaduran espezializatutako kazetaria. Ondojan.com aldizkariaren arduraduna eta hainbat pintxo libururen idazlea da Azpeitia. Hark azalduko dizkie bi protagonistei sukaldaritzarekin lotutako argibide guztiak.
Musikak ere izango du bere tartea saioan. Bi aurkezleak kalean gora eta behera dabiltzala, Giorgio Bassmati musikaria ezusteko lekuetan prest azalduko da, kanta bat eskaini, eta pintxo janari etenaldi bat emateko. Bestalde, saioari musika Kau Kori Kura taldeak jarriko dio.
Lehen atala, Hondarribian
Pintxo eta Pote elkarrekin iritsiko dira herri edo hiri batera saio bakoitzean, baina ondoren bakoitzak bere bidea hartuko du. Tartean, gurutzatu eta elkarrekin topo egingo dute, eta bidaiak biek batera amaituko dituzte.
Lehen saioan, Hondarribia (Gipuzkoa) bisitatuko dute Agirregomezkortak eta Hormazak. Ibilaldia hasi aurretik, ordea, Donostiako Amara auzora joko dute, Abadia tabernara. Zenbait herritarren arabera, pintxo-potearen tenplua da Abadia, eta han bilduko dira Azpeitiarekin. Hondarribian, honako lagun hauekin hitz egingo dute: Esteban Olaizola Gipuzkoako arrain kofradiaren zuzendari ohia, Ander eta Angela Vilariño eta Efren Vazquez gidariak, Jone Arozena moja, Jagoba Aiestaran irakaslea eta Judas Arrieta pintorea. Datozen hiru asteetan, beste toki batzuetako pintxo-poteak bertatik bertara ezagutuko dituzte saioko aurkezleek: Iruñean eta Donostiako Gros auzoan ibiliko dira, baita Bizkaiko herriren batean ere.
ETB1ek 'Pintxo & Pote' programa estreinatuko du bihar gauean
Euskal Herriko pintxo-pote esanguratsuenen giroa ezagutaraziko dute, umorez, lau astez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu