ETB1ek Maite Idirini buruzko erreportaje bat emango du etzi

'Iparraldearen Orena' saioaren barnean emango dute erreportaje hori, 15:10ean. Hain justu, astelehenean beteko da urtebete Idirin hil zenetik.

Maite Idirin. BERRIA
Maite Idirin. BERRIA
urtzi urkizu
2025eko urtarrilaren 18a
05:00
Entzun

Maite Idirin Solatxi (Ugao, Bizkaia, 1943–Angelu, Lapurdi, 2024) aitzindaria izan zen alor askotan. 1960ko hamarkadan, Lurdes Iriondo eta Estitxu Robles-Arangiz abeslariekin batera, oldar berria eman zion euskal kantuari gitarra eskuetan zuela. Kantari lirikoa izateaz gain, euskal kulturaren sustatzailea eta lehen talde feministen bultzatzaileetako bat izan zen Idirin. Frankismoaren errepresioarengatik, Bizkaitik Lapurdira eta Parisera joan behar izan zuen bizitzera. Astelehenean beteko da urte bat hil zenetik, eta Iparraldearen orena saioko lantaldeak erreportaje berezi bat prestatu du: etzi estreinatuko dute, ETB1en, 15:10ean.

Artxiboko irudi eta argazkiak erakusteaz gain, Idirin ongi ezagutu zuten lagunen lekukotasunak bilduko dituzte saio berezi horretan. Patxika Erramuzpe eta Xabaltx kantariak entzun ahal izango dira, Maite Berrogain pastoral idazlea, Jacqueline Idiart militante feminista eta Luzien Etxezaharreta idazlea. Entzungai izango dira Idirinek berak zuzendu zuen Xaramela abesbatzan dabiltzan zenbait kantariren testigantzak ere, tartean Panpi Kurutxet eta Frantxoa Altxurrunenak.

Radio Euskadin ere aipatuko dute

Halaber, bihar bertan, Maite Idirin kantariaren ibilbidea aipatuko dute Radio Euskadin, Goizalde Landabaso kazetariak zuzentzen duen Hágase la luz irratsaioan. Igandero, 07:35ean, Franck Dolosor kazetariak Ipar Euskal Herriari buruzko tarte bat egingo du Radio Euskadin; biharko tartean, Idirin aipatuko dute.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.