Nahiz eta igoera ez izan oso nabarmena, ETB1eko ikusle datuak gorantz doaz. Aurtengo lehen sei hilabeteetan, batez beste %2,3ko ikusle kuota bereganatu du ETB1ek Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Lehen begiratuan, ez du asko ematen, baina azkeneko hamahiru urteetako batezbestekorik handiena da urteko lehen seihilekoen artean.
Ikus-entzule euskaldunen artean, ETB1en batezbestekoa %5,4koa izan da seihileko horretan —azkeneko hamalau urteetako daturik onena—.
ETBko zuzendari Unai Iparragirrek, bestalde, Gaur egun albistegiari dagokion datu bat nabarmendu du: ekainean, ETB1eko albistegiek %3,9ko ikusle kuota lortu zuten. Euskarazko albistegiek ez zuten lortu halako batezbestekorik 2018ko abuztutik.
Antzeman daiteke ETB1en goranzko joera lehendik datorrela: 2020an, euskarazko kateak %1,6ko ikusle kuota izan zuen batez beste —inoizko apalena—. 2021ean, berriz, sei hamarren gora egin, eta %2,2ko ikusle kuotara iritsi zen urte osoa aintzat hartuta —azken hamarkadako urterik onenaren parekoa izan zen: 2018an ere %2,2ko kuota bereganatu zuen—. Albistegietan ere iazko datuak hobeak izan ziren aurreko urteetakoak baino.
Iparragirre iazko apirilean hasi zen ETBko zuzendari. Discovery katean hamasei urtez eduki zituen ardura karguak, eta horietan guztietan garrantzi handia eman zien ikusle datuei. Hala egiten du ETBn ere, eta pozik dago euskarazko kateren bilakaerarekin: «Igoera orokorra izan da. Kirolek, albistegiek eta ordutegi nagusiko hainbat estreinaldik egin dute ekarpena datuetan». Piztu telebista eta Jateko modukoasaioak prime time-an ondo funtzionatzen ari direla azaldu du —bi saio horiek azken denboraldian abiatu dituzte—. «Joseba Arguiñano sukalerrian eta Herri txiki, infernu handi saioek eta arratsaldero ikusgai dagoen Biba zuek magazinak ere datu oso onak dituzte».
Aurrera begira, itxaropenez mintzatu da ETBko zuzendaria: «Oso pozgarria da audientzia igotzea, ETB1ek egindako apustu eta ahaleginen fruitua baita, eta jorratu dugun bidetik jarraitzera bultzatzen baikaitu».
ETB3k, datu oso apalak
Bestelakoa da ETB3 katearen joera. Azkeneko hilabeteetan, %0,1eko edo %0,2ko ikusle kuota izan ohi du batez beste Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Oso urrun dago gaztelaniazko haurrentzako kateen datuetatik.
Etorkizunean zer urrats egin pentsatzen ari direla azaldu du Iparragirrek: «Haurrak egun ez daude telebista linealean. Youtube eta gainontzeko esparru digitaletan daude. Horrenbestez, haurrentzako gure estrategia berreraikitzen ari gara».
ETB1ek lehen seihilekorik onena izan du 2010. urtetik
Euskarazko kateak %2,3ko ikusle kuota izan du urtarriletik ekainera bitarte. 'Gaur egun'-ek azken lau urteetako daturik onena lortu du ekainean
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu