Sukaldaritzaren bidez jendea ezagutzeko aukera eman nahi du ETB1eko programa berriak. Hala, euskaldunek janariarekin duten pasioa oinarri hartuta, kozinatzea eta jende berria ezagutzea izango du helburu Jateko modukoa saioak. Euskarazko kate publikoak bihar estreinatuko du, 22:30ean. Hamabi atal izango ditu lehen denboraldiak.
Klaudio Landak aurkeztuko du Jateko modukoa —aurkezlea programa berriaren inguruko zertzelada batzuk ematen ari da sare sozialetan—.
Atal bakoitzean, lau lagunek parte hartuko dute: gonbidatua eta sukaldean arituko diren hiru pertsona. Hiru sukaldari horiek gonbidatuarentzat kozinatuko dute, eta azken horrek menu osoa dastatzeko aukera izango du. Lehen bi platerak hark proposatutakoak izango dira, eta hiru sukaldariek gonbidatuak aukeratutako platerak egin beharko dituzte. Zailtasun batekin: ez dute errezetarik izango. Postrea, berriz, sukaldari bakoitzaren araberakoa izango da. Ondoren, dastaketa itsu-itsuan izango da: plater bakoitza nork prestatu duen jakin gabe probatu eta baloratu beharko du gonbidatuak, puntuak emateko.
Hiru sukaldariak sukaldean azalduko dira. Eta beste bi leku garrantzitsu egongo dira: dasta gela eta berriketa gela. Gonbidatua dasta gelan dagoen bitartean, sukaldariek berriketa gelatik ikusiko dute prozesua, baita puntuaketak ere.
Sari bat egongo da saioan: afari eder bat toki «zoragarri» batean. Gonbidatuak gehien gustatu zaizkion jakien egilea hobeto ezagutzeko aukera izango du afarian. Orduan jakingo du saioaren hasieran begiz jo duen sukaldaria izan ote den jateko moduko plater gehien prestatu dizkiona.
ETBk iragarri du saioa aproposa dela «familia guztiarentzat». Baina 22:30ean emango du.
Erresuma Batuko ITV katearen saio baten formatua hartu du oinarritzat Prime Time Media ekoiztetxeak Jateko modukoa aurrera eramateko. Baina Jon Abasolo saioaren zuzendariak —Baserria ere hark zuzendu du— nabarmendu du euskarazko bertsioan garrantzi handiagoa izango duela kozinatzeak. «Dating parteari ez diogu hainbesteko garrantzirik eman».
Parte hartzaileak, gazteak
Bilboko Labeaga auzoan ari dira saioko atalak grabatzen. Orain arte, saioan parte hartzeko izena eman dutenak 22 eta 35 urte artekoak dira. «Saioa ikusi ostean, zuria dela konturatzen direnean, adin handiagokoak animatuko dira», esan du Abasolok. «Parte hartzaileen artean, heterosexualak, homosexualak, lesbianak eta bisexualak daude».
Programaren zuzendariak nabarmendu du eskaintza «oso dibertigarria» egiten saiatu direla. «Nabarituko da saioan daudenak ondo pasatzen ari direla». Landa aurkezle izateak, gainera, ziurtasuna ematen dio. «Klaudio eroso ikusten dut saio honetan. Alai eta lasai dago programan».