Hiru urte eta erdiko hutsunearen ostean, ETB1ek helduentzako telesail bat estreinatuko du abenduan: Ihesaldia. Estreinaldiaren aurretik, proiekzio bat egingo dute Durangoko Azokan.
1976. urtean, Basauriko (Bizkaia) kartzelako preso talde batek bertatik ihes egiten zuten itxura egin zuen. Inor ez zen ohartu ziega barruan zeudela, ihes egiteko tunela zulatzen. Hori da, hain zuzen ere, ETBk grabatu duen telesailaren ardatza. Xabier Zabaleta telesailaren gidoilari eta ekoizle eragileak azaldu duenez, bost atal grabatu dituzte bost astetan. «Kartzeletako ihesaldien film eta telesail ugari ikusi ditugu; genero bat da bere horretan, eta horrelako bat izango da».
Jabi Elortegi (Goenkale, Balbemendi, Go!azen) da telesailaren zuzendaria, eta Pausokak eta ETBk elkarrekin ekoitzi du.Hauek dira telesaileko aktoreak: Iñigo Aranbarri, Xabi Perurena, Xabi Jabato Lopez, Aitor Borobia, Jon Ander Alonso, Aitor Beltran, Nerea Gorriti, Miren Arrietaeta Paco Revueltas. «Batzuk ezagunak dira, baina ikusleek aurretik ezagutzen ez dituzten aurpegi berriak ere bilatu ditugu», esan du Zabaletak.
Egiazko historia bat oinarri hartuta, gertakizunaren inguruan sortzen den tentsioa erakusten du telesailak: neguko hotzak harrapatuta, janaririk eta botikarik gabe, presoak egoera kaskarrean daude; ETAren zuzendaritzak ihesaldian sartuta dauden ETAko kideak kontrolatu nahi ditu. Halaber, tartekatuko dituzte ustez ihes eginda dauden presoen familien jakin-mina, eta kartzelako zuzendariaren azpijokoak.
Egiazko gertakizunak oinarri hartuta, gidoilariek kontakizun askea sortu dute. Telesailean agertzen diren ekintza eta pertsonaia asko behar dramatikoen eraginez sortu dituzte, eta protagonisten izenak ere aldatu egin dituzte.
Segoviako kartzelan
Telesaileko gidoilari eta ekoizle eragileak nabarmendu du oinarrian benetako gertaera bat dagoela, eta horren inguruan fikzio oso bat sortu dutela. Zabaletak azaldu du grabazioak «gogorrak» izan direla: «Sekulako lantaldea izan dugu, eta horri esker atera ditugu aurrera grabaketak. Akzio asko dago; sekuentzia pilo bat dira, eta ez da erraza izan».
Espetxearen grabazioak egiteko, Segoviako (Espainia) kartzela zaharrera jo dute, Segoviako ihesa filma (1981) grabatu zuten toki berera. Gaur egun zentro soziokultural bat dago bertan, baina parte batean garaiko estiloari eutsi diote. Azpeitiko (Gipuzkoa) Jesusen Bihotzaren mirabeen komentuko ganbara bat ere erabili dute grabazio batzuk egiteko. «Basauriko espetxe ondoko Poliziaren egoitzetan grabatu dugu, baita Legazpiko [Gipuzkoa] tailer batean ere». Hendaian (Lapurdi) egun bateko grabaketak egin zituzten. «Grabaketak konplexuak izan dira, gaur egun ez dagoelako garai bateko kartzelarik. Horregatik, zatika joan gara grabatzen. Elortegik meritu handia du dena bat dela irudikatzeko».
Zabaletarekin batera, Aitor Eneritz eta Asier Gerikaetxeberria aritu dira gidoilari lanetan.
Pausoka ekoiztetxeak Go!azen telesailaren denboraldi berria ere grabatu zuen udan —Jabi Elortegik erreleboa eman zien Itziar Gomezi eta Jabier Garcia Bikuñari—. Eta Ihesaldia egin ahal izateak poza eman dio Zabaletari: «Sekulako gogoa daukagu, baina, aldi berean, erronka oso handia da. Zoritxarrez, hainbeste denbora pasatu da fikziorik egin gabe, lantaldea topatzea ez da erraza izan». Taldeak bost astetan grabatu du 250 minutuko telesail bat, eta 90 minutuko pelikula estandar bat grabatzeko denbora gehiago erabili ohi dute.
Pausokako ekoizlea itxaropentsu dago telesailak izan dezakeen bidearekin. «ETBren baietza jaso aurretik, beste toki batzuetan erakusten hasi ginen, gaia unibertsala baita». Diru gehiagorekin egin izan balitz, kanpoan saltzea errazagoa litzatekeela uste du Zabaletak. Hala ere, gustura dago asteon banatzaile enpresa baten proposamena jaso duelako. «Gidoiak eta teaser labur batzuk erakutsi dizkiegu, eta gustatu zaizkie. Genero honek badu bidaiatzeko aukera».
ETB1ek 'Iheslaria' telesaila estreinatuko du abenduan
Iñigo Aranbarri, Xabi Perurena, Aitor Beltran eta Miren Arrieta daude aktoreen artean. Bost atal grabatu dituzte, bost astetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu