Telebista

ETB1ek 'Herri txiki, zirku handi' saioa emango du Gabon gauean

Mikel Pagadik eta Miren Nogalesek gala berezia aurkeztuko dute Gure Zirkuaren karpan.

ETB1eko 'Herri txiki, zirku handi' saioa Gabon gauerako.
ETB1eko 'Herri txiki, zirku handi' saioaren grabaketako une bat. ETB
urtzi urkizu
2023ko abenduaren 22a
13:00
Entzun

Urtero moduan, Gabon gauerako Euskal Telebistak kantuan jarriko ditu Euskal Herriko hainbat pertsona ezagun. ETB1ek Herri txiki, zirku handi saio berezia emango du bihar, 23:15ean. Aurkezle lanetan Mikel Pagadi eta Miren Nogales ariko dira. Iragarri dutenez, musika eta alaitasuna izango dira protagonista programa horretan.

Hainbat kirolari ariko dira saioan kantuan: Euskal Pentatloiaren irabazleak —Nerea Arruti, Amaiur Arbelaitz, Beñat Telleria eta Julen Gabirondo—; Usoa Ostolaza, Idoia Eraso, Omar Fraile eta Jon Barrenetxea txirrindulariak; 2023ko Kontxako Bandera irabazi zuten Arraun Lagunak eta Urdaibai taldeetako arraunlariak; Jai Alai Winter Series txapelketako irabazleak eta emakumezko esku pilotako txapelketako pilotaririk onenak; Bera Bera Donostiako eskubaloi taldeko jokalariak; eta elkarrekin kantatuko dute Iñaki Osa, Nadeth Agirre eta Julen Aginagalde kirolariek ere.

ETBko hainbat programatako aurkezle eta kolaboratzaileak ere kantuan azalduko dira: Biba zuek! magazineko lantaldekoak, Piztu Telebista saioko sofa-kideak, Mihiluze lehiaketako aurkezle Ilaski Serrano eta Antton Telleria; eta Irabazi arte telesaileko aktoreak, besteak beste.

Programan parte hartuko dute Jon Kareagak, Ana Goitiak, Gabriela Uriartek eta Iñaki Tejedor Gastro-k ere. Gainera, hainbat kirolarik eta ETBko nazioarteko berriemailek agur bereziak bidaliko dituzte bideo bidez.

ETB2 katean, bestalde, umorezko bi programa prestatu dituzte Gabon gauerako.

'Fair Saturday'

Gure Zirkuan grabatutako saioaren aurretik, ETB1ek Fair Sarturday 2023 ikuskizunaren hasiera ekitaldia emango du bihar, 22:00etan. Bilboko Udal Musika Bandarekin batera, ehunka artistak parte hartu zuten ikuskizun horretan azaroaren 24an. Besteak beste, Afrika Bibangek, Tomas Lizarazuk (Bulego), Marenek, Serafin Zubirik, Xabi Azurruzabak, Piratak eta Igor Peralek. Gainera, ehunka lagunez osatutako abesbatza batek kantatu zuen.

Gaur bertan, ETB1ek beste musika saio bat emango du, 22:00etan. Bertan, ETBko hainbat aurkezlek, kazetarik eta kolaboratzailek gabon kantak abestuko dituzte, Euskadiko Orkestrarekin batera. Fernando Velazquez musikariak moldatu ditu kantak. Gainera, Leioa Kantika Koralak eta Landarbaso abesbatzak parte hartu dute grabaketetan —Juanjo Oconen zuzendaritzapean—. Saio horretan kantari azalduko dira Xabier Ormazabal eta Mikel Reparaz kazetariak, Sua Enparantza eta Ainhoa Larrañaga aktoreak, eta SOS Kantak Arriskuan programako gidari Klara Mendizabal, Lide Hernando eta Iker Lauroba.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.