ETB1ek 'Gu euskahaldunak gara' dokumentala emango du igandean

19. Korrikarako ekoitzi dute lana.Peru Magdalena izango da aurkezle eta zuzendaria

Eñaut Elorrieta eta Peru Magdalena, dokumentalaren grabazioan. AEK.
urtzi urkizu
Donostia
2015eko otsailaren 20a
00:00
Entzun
«Euskara ni naiz; nire izatean dago. Haren alde ari naizenean, nire alde baino ez dut egiten». Eñaut Elorrieta musikariaren hitzak dira, Korrikarako egokiak. Bai, badator-eta Korrika, 19. Korrika. Euskaldunak euskahaldun bihurtu nahi dituen Korrika. Eta, igande honetan, ETB1ek Korrikaren 19. ediziorako propio egindako dokumentala emango du (22:30): Gu euskahaldunak gara.

Peru Magdalena da dokumentalaren gidoilari, zuzendari eta aurkezlea. 38 minutuz, euskararen eta euskalgintzaren iraganaz, geroaz eta euskara berreskuratzeaz mintzatuko da hainbat lagunekin. Ahalduntzeaz ez ezik, euskararen ahuleziez hitz egingo dute. Halaber, Durangoko Azokaren eta euskararen arteko lotura aztertuko dute.

Magdalenak hemeretzi pertsona elkarrizketatu ditu lanerako, euskararen munduan erreferentzia diren hemeretzi lagun: Katixa Agirre idazlea, Dioni Agerre errugbi jokalari ohia, Maite Arroitajauregi Mursego musikaria, Amets Arzallus bertsolaria, Eñaut Elorrieta musikaria, Reyes Ilintxeta Euskalerria Irratiko esataria, Paxkal Indo Seaskako presidentea, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendari ohia, Jose Anjel Iribar Athleticeko jokalari ohia, Iraia Iturregi Athleticeko jokalaria, Jose Luis Lizundia euskaltzaina, Iñaki Martinez de Luna soziolinguista, Anaje Narbaiza Elay enpresako euskara planaren zuzendaria, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria, Iñaki Perurena harri-jasotzaile ohia, Maider Unda borrokalaria, Kirmen Uribe idazlea eta Mertxe MugikaAEKren koordinatzailea.

Di-da publizitate enpresak, IKB enpresak eta AEK-k ekoitzi dute dokumentala. Errealizazioan eta edizioan, berriz, Xabier Iñarrairegi eta Karlos Eriz aritu dira. Elkarrizketez gain, aurreko edizioetako Korrikaren irudiak ikus daitezke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.