ETB1ek 'Gora bihotzak' udako 'talk show'-a estreinatuko du etzi

Miren Nogalesek eta Julen Telleriak aurkeztuko dute. Saioa Zarautzen egingo dute gauero

Julen Telleriak eta Miren Nogalesek astelehenetik ostegunera aurkeztuko dute Gora bihotzak saioa. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko uztailaren 1a
00:00
Entzun
Uda honetarako programa berri bat prestatu du ETB1ek: Gora bihotzak. Etzi hasita, uztailean eta abuztuan astelehenetik ostegunera emango dute, 21:30etik 22:30era. Talk show gisa definitu dute saio berria, eta gauero Zarautzen (Gipuzkoa) egingo dute. Telebistako dekoratua gizonezko arropa denda batean jarriko dute —denda duela urtebete itxi zuten, jabea erretiratu zenean—. Lokal guztia telebistako erakusleiho handi bihurtuko dute. Gainera, programako aurkezle Julen Telleriak eta Miren Nogalesek gauero denda-eszenatokiko eserlekua utziko dute lehen minutuetan: kalean eta kalekoekin hasiko dute saioa. Kamerek platoa erakutsiko dute, baina baita kalea ere. Izan ere, saioko arduradunen asmoa da programako protagonistetako bat kalea izatea.

Unai Etxabe saioko zuzendariak Gora bihotzak-ekin ikusleei sentiarazi nahi dietena azaldu du: «Gure nortasuna zein den transmititu nahi dugu, nolakoak garen euskaldunok: naturaltasuna, umorea eta festa giroa. Hori da lortu nahi duguna programarekin». Euskaldunen etxeetara entretenimendua eraman nahi dutela gaineratu du Etxabek. «Udan gaude, jendeak ondo pasatzea nahi dugu, eta saio fresko eta alaia egingo dugu, baina gure nortasunarekin». Herri kirolak eta askotariko erronkak ere tartekatuko dituzte programan.

Kolaboratzaileak mahaian

Gauero mahaiaren inguruan Nogalesek eta Telleriak hainbat lagun izango dituzte aldamenean. Kolaboratzaileen artean egongo dira Onintza Enbeita bertsolari eta kazetaria, Iker Galartza aktore eta Gure Zirkuaren sortzailea, Jokin Aierragarai moda aditua, Iker Plazaola umorista eta aurkezlea, eta abar. Adin guztietako gonbidatuak izango dituzte Zarauzko dendan. Horrez gain, kultur munduko askotariko pertsonak elkarrizketatuko dituzte datozen egunetan.

Gainera, herrietako jaietan ibiliko dira Karmele Gisasola Zelai III.a harri jasotzailea eta Xabier Orbegozo Arria V.a aizkolaria. Jende artean ibiliko dira, herri kiroletako erronka bereziak antolatzen.

Etxabek azaldu duenez, bestalde, lanbide ezberdinetako pertsonak elkarrizketatuko dituzte Zarauzko platoan. «Kolaboratzaileekin, berriz, gai arinak eta interesgarriak egongo dira, askotarikoak. Ondo pasatzeko asmoa dugu, eta espero dugu ikus-entzuleek barre egitea».

Beste udako saio batzuen aldean, herritarrek Zarautzen saioa nola egiten duten ikusi ahalko dute. «Eta egunero ezustekoren bat izatea nahiko genuke».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.