ETB1ek programa berri bat estreinatuko du datorren asteazkenean: Euskalduna naiz, eta zu? Astero emango dute prime time ordutegian, 22:15ean. Oraingoz, hiru atal prestatu ditu Gorringo ekoizpen etxeak. Baina atal gehiago egiteko itxaropena du Anjel Alkain saioko zuzendariak —Aitzol Barandiaran da beste zuzendaria—.
Aste bakoitzean gai bat jorratuko dute, euskaldunen inguruko topiko zaharrak alde batera bota, eta ikusleak harrituko dituzten ondorioetara iritsi arte. Alkainek iragarri duenez, euskaldun jendea azalduko da euskaldunei buruz hitz egiten: «Euskal Herritik kanpokoek asko hitz egiten dute guri buruz, baina pentsatzen dugu badela garaia guk ere gure buruaz hitz egiteko». Lekukotza saio bat izango da, eta hainbat pertsona ezagun azalduko dira, gehienetan haien etxean. Lehen hiru ataletan azalduko dira, besteak beste, Xabier Amuriza, Onintza Enbeita, Julen eta Antxon Telleria, Zuriñe Hidalgo, Asier Odriozola, Iñaki Artola, Aitzol Atutxa, Joseba Apaolaza, Jon Plazaola, Maider Unda, Maixa eta Ixiar, Alex Sardui, Josebe Iturrioz, Xabier Saldias eta Itziar Aizpuru. «Hiztun onen bila joan gara, zer kontatua dutenak euskaldunei buruz hitz egiteko. Jende aurrean lan egitera ohituta dauden pertsonak izango dira agertuko direnak».
Saioan, gainera, esketxak tartekatuko dituzte. Euskal Herriko etxeetan errepikatzen diren eszena barregarrien antzezpena egingo dute Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreek. Atal bakoitzean sei esketx sartuko dituzte, eta, tartean, Joxe Migel Barandiaran pertsonaiarekin solasaldi bat izango da. Ikusleek behin baino gehiagotan esango dute esketxak ikustean: «Hori niri ere pasatu zait!».
Nerea Arriola youtuberrak ere parte hartuko du saioan —Super Txope pertsonaiarekin arrakasta handia lortu zuen azaroan, eta abenduan euskal internauten artean—. Youtuberren formatuan, euskaldunei buruzko bakarrizketak egingo ditu Arriolak.
Lantaldeko gidoilarien artean Hiru Damatxo taldeko Kepa Matxain ariko da. Eta talde bereko Unai Gaztelumendik marrazkiak egingo ditu. «Saioko egoerak marraztuko ditu, komiki modura», iragarri du Alkainek.
Saioko zuzendariak azaldu duenez, kaleko jendea ere iritzia ematen azalduko da hizketan. «Saio umoretsu eta alaia egin nahi dugu, positiboa, eta anekdota pertsonaletatik abiatuz kolektiboaren deskribapena egiteko asmoarekin». Programaren lekoa Euskalduna naiz, eta pozik nago izango dela nabarmendu du umoristak. «Euskaldun izatearen kontakizun positibo bat egin nahi dugu, umorearekin».
Lehen ataleko gaia euskaldunak eta bikotea izango da. Bigarrena, euskaldunak eta dirua. Eta hirugarrena, euskaldunak eta eskola.
Gorringo ekoizpen etxeak iaz Batek daki saioa egin zuen, Aitziber Garmendia aktorearekin. Garmendiak eta Galartzak Urte Zahar gaueko umore saioa aurkeztu zuten ETB1en, %6,4ko ikusle kuota lortuz.
ETB1ek 'Euskalduna naiz, eta zu?' saioa estreinatuko du datorren asteazkenean
Euskaldunak euskaldunei buruz hizketan azalduko dira saio berrian. Esketxak, bakarrizketak eta marrazkiak ere tartekatuko dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu