ETB1ek euskal zinemari eskainitako saio bat estreinatuko du gaur

Itziar Ituñok eta Eneko Sagardoik aurkeztuko dute 'Zinea Zetaz'. Txandaka arituko dira aktoreak

Aste batean Itziar Ituño arituko da aurkezle lanetan, eta hurrengoan, Eneko Sagardoi aktorea. JAGOBA MANTEROLA / FOKU.
urtzi urkizu
2023ko irailaren 14a
00:00
Entzun
Aspaldiko partez, zinemari eskainitako programa bat euskaraz egingo du ETBk. Hain zuzen ere, gaur gauean estreinatuko du ETB1ek Zinea Zetaz (22:30). Aurkezle lanetan Itziar Ituño eta Eneko Sagardoi aktoreak arituko dira —txandaka arituko dira, ondotik ikusgai izango den pelikularen xehetasunak ematen—. Eta zer motatako filmak emango dituzte saioan? Euskal Herrian ekoitzitakoak. Batzuk jatorriz euskarazko filmak izango dira. Eta beste batzuk gaztelaniaz grabatutakoak, eta ondoren euskarara bikoiztutakoak. Azken horietakoa da Bazen behin Euskadin (2021), saioaren estreinaldian emitituko duten zinta. Manu Gomezek zuzendu zuen film hori eta duela bi urteko Donostiako Zinemaldian estreinatu zuten.

Sagardoiri euskarazko zinema saio bat egotearen garrantziaz galdetuta, aktoreak zera adierazi du: «Garrantzitsua da, zinemazale euskaldunak existitzen garelako, eta batez ere zinemazale euskaldunak existitu daitezen». Euskal Herriko ekoizleek egindako filmak izango direnez, «euskal paisaia zinematografikoa» ezagutzeko aukera egongo dela nabarmendu du Sagardoik. «Zuzendariak ezagutzeko eta jarraitzeko aukera bat izango da. Labur, baina euskaraz».

Izan ere, ez dira oso luzeak izango Ituñok eta Sagardoik egingo dituzten aurkezpenak; bost minutu ingurukoak. «Itziarrena eta nirea ekarpen txiki bat baino ez da», dio Sagardoik. Gero emitituko duten pelikularen gaineko xehetasunak emango dituzte aurkezpenetan. «Zinemagileen ibilbidearen berri ere emango dugu. Asmoa da sarrera txiki bat egitea pelikulari, obrari testuingurua gehitzeko».

Aktoreak itxaropena du programak luzaroan iraungo duela. «Eta espero dut urtetik urtera esparru handiagoa bereganatzea: kanpoko pelikulak, klasikoak, eta azpidatzita baina euskarara bikoiztuta eskaintzeko aukera egotea». Aukeratzat jo du baita ere film laburrak errenkadan ematea.

ETBk ez du iragarri Zinea Zetaz saioak zenbat atal izango dituen, baina aurreneko lehen sei pelikulen izenburuak eman ditu.

'Nora', 'Ane', 'Handia'...

Bazen behin Euskadin izango da saioari hasiera emateko aurreneko filma. Ondoren etorriko dira Lara Izagirreren Nora (2020), David Perez Sañudoren Ane (2020), Igor Legarretaren Ilargi guztiak (2020), Koldo Almandozen Oreina (2018) eta Jon Garaño eta Aitor Arregiren Handia (2017). Sagardoik berak jokatu zuen rol nagusia Handia-n, eta Goya sari bat lortu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.