ETB1ek eta ETB2k zuzenean emango dituzte gaur kanpaiak, Zumaiatik

2017. urteari ongietorria emateko, 'Guaiomini txu points' umore saioa emitituko du ETB1ek

Mikel Pagadizabalek, Sara Gandarak eta Zuhaitz Gurrutxagak aurkeztuko dituzte Urtezaharreko kanpaiak ETBn. ETB.
urtzi urkizu
2016ko abenduaren 31
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Bigarren urtez jarraian, ETB1en ez ezik ETB2n ere euskaraz entzungo da urte berriari ongi etorria emateko momentua. Bi kateek Kaixo 2017 saioa emango dute, 23:45etik 00:05era, eta aspaldiko partez, kanpaiak zuzenean eskainiko ditu Euskal Telebistak. Mikel Pagadizabalek, Zuhaitz Gurrutxagak eta Sara Gandarak Zumaiako San Telmo ermitatik (Gipuzkoa) aurkeztuko dute emanaldia. Kukai dantza taldeak emankizun berezi bat egingo du. Eta Miren Gaztañaga aktoreak testu bat antzeztuko du, Kirmen Uribek propio Urtezahar gauerako idatzitakoa.

Kanpaien inguruko saioaren aurretik eta ondoren, beste bi saio berezi emango ditu ETB1ek: Gurrutxagak eta Pagadizabalek Herri txiki urte berri dong saioa gidatuko dute, 23:15ean. Bi aurkezleak Zumaian (Gipuzkoa) barrena ibiliko dira, herritarrekin solasean eta kanpaiak eman aurreko prestaketak egiten. Gandarak oso gertutik zelatatuko ditu bi aurkezleak, eurek ezer jakin gabe. Kanpaien ostean, 00:05ean, Aitziber Garmendia eta Iker Galartza aktoreek Guaiomini txu points umore saioa gidatuko dute euskarazko katean. Eurovision lehiaketarako txartel bat izango dute jokoan lehiaketa xelebre batean. Euskal ordezkaritza aukeratzeko, bost herri izango dira lehian: Agurain (Araba), Larrabetzu (Bizkaia), Lodosa (Nafarroa), Zaldibia (Gipuzkoa) eta Biriatu (Lapurdi). Kantu ezagunen bertsio umoretsuak egingo dituzte, eta herri bakoitzeko taldeak abeslari baten laguntza izango du. Aitor Gabilondo, Anjel Alkain, Estitxu Pinatxo eta Juanpa Agirrerena ariko dira, besteak beste, herrietako lagunekin kantuan. Ezusteko eta gonbidatu bereziak ere izango dira saioan.

ETB2k ¡Feliz Memevieja! umore saioa emango du gaur, 23:00etan. Memeak izango dituzte ardatz, eta esketxetan honako aktore hauek parte hartuko dute: Andoni Agirregomezkortak, Iker Galartzak, Asier Hormazak, Miriam Cabezak, Leire Ruizeek, Diego Perezek, Humberto Gutierrezek, Iñigo Salinerok eta Yago Mateok. Kanpaien ostean, esketxekin jarraituko dute ETB2n, Es nochevieja ¡y tú lo sabes! saioan.

Igartiburu eta Sobera

Hamaika telebistan, bestetik, kulturarekin hasiko dute 2017. urtea, Artekale saioaren emanaldi batekin. Bihar, urteko lehen egunean, Euskaldunon Egunkaria-ren sorrerari buruzko Gaur irekiko ditu ateak dokumentala emango dute, 17:30ean.

Euskal Herriko hainbat aurkezle izango dira, bestalde, Espainiako kateetako kanpaiak aurkezten. Anne Igartiburuk La1ko kanpaiak aurkeztuko ditu Madrildik, Master Chef-eko Jordi Cruz eta Pepe Rodriguez epaileekin batera. Carlos Soberak Mediaset taldeko kate guztietan —Boing izan ezik— aurkeztuko ditu kanpaiak, Lara Alvarezekin batera. RTVEk, lehen aldiz, kanpaien emanaldi berezia egingo du Interneten, Andrea Compton eta Alex Puertolas youtuberrekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.