ETBren udako denboraldia martxan da, eta saio batzuek atsedena hartzeko garaia dute. ETB1 kateko Herri txiki, infernu handi saioak, esaterako, amaitu du denboraldia, eta hilabete batzuetako etena izango du. Haren tokia igande gauetan Erromerian saio berriak beteko du. Euskal Herrian ospatzen diren erromerien izaera eta jatorria ezagutaraztea izango du helburu saioak.
Anabel Arraizak eta Agus Barandiaranek aurkeztuko dute Erromerian. Paisaien edertasuna, familia belaunaldi desberdinen istorioak, herritarren arteko elkarlana eta beste hainbat kontu uztartuko dituzte saioan. ETBk iragarri duenez, «irudi ikusgarriak izango ditu saioak, lekukotzekin batera, eta musika eta dantza emanaldiak». Saioko zuzendaria Nerea Navarro da.
New Media Euskadi ekoiztetxearen saio bat da Erromerian —ekoiztetxe horrek Biba zuek! eta Gora bihotzak saioak egiten ditu ETB1entzat—. Hain zuzen ere, udako Gora Bihotzak saioa astelehenetik ostegunera ematen ari dira, Mihiluze lehiaketaren tokia betez —datorren denboraldian lehiaketa horrek jarraitu egingo du—.
Lehen atala, Gaztelugatxen
Ekainaren 27an aurkeztu zuen udako programazioa ETBk, eta, azaldutakoaren arabera, euskarazko katean Erromerian izango da udako saio berri bakarra. «Erromeriak tradizio handiko ohitura dira Euskal Herrian», esan zuen Anabel Arraiza saioko aurkezleak aurkezpenean. «Eta gure saioaren helburua izango da erromeriak barrutik ezagutzea, kontuan hartu behar baita tradizio horiek mantendu badira herritarren arteko loturari esker mantendu direla. Ikusgaitasuna eman nahi diegu erromeriei: lekukotzak jasoko ditugu, bizipenak...». Agus Barandiaran musikariak, bestalde, zera adierazi zuen: «Erromerietan barna ibili izan naiz, eta erromerietan gertatzen dena ikusleei helaraztea da asmoa. Bermeoko [Bizkaia] Gaztelugatxen izan ginen, sanjoanetako erromerian, eta hura izan zen lehena. Hamaika istorio kontatuko ditugu». Arraizaren arabera, erromeriak «leku jakin batekin errotuta» egoten dira, eta inguru horiek ere pantailan ikusiko dira. «Pasadizo ezezagunak jasoko ditugu».
Bihar, estreinako saioan, Gaztelugatxeko erromeriari buruzko atala emango dute. Zumarragako (Gipuzkoa) Santa Isabelen erromeria, Larreako (Araba) Barte Eguna, Santurtziko (Bizkaia) karmenak, Galdamesko (Bizkaia) madalenak, Urbiako (Gipuzkoa) San Inazio Eguna eta Lakuntzako (Nafarroa) Pertza Eguna ezagutu ahalko dituzte ETB1eko ikus-entzuleek. «Erromeria horien bihotzera bidaiatuko dugu», iragarri du ETBk.
ETB2 katean, bestalde, bi saio estreinatuko dituzte datorren astean: La otra cara erreportaje saioa, astelehenean; eta La calle sin gobierno, hilaren 11n.