Bizkarsoro fikziozko herri bat da, baina Euskal Herriko edozein herri izan daiteke. «Euskaraz bizitzeagatik jazarriak izan diren euskaldun guztiak dira bizkarsorotarrak», dio Josu Martinez zinemagileak. 2023. urtean estreinatu zuten fikziozko film hori, Donostiako Zinemaldiko Zinemira sailean. Ondotik, Euskal Herriko hainbat herritan eta hiritan proiektatu dute. Bihar, berriz, ETB1 katean ikusi ahalko da aurrenekoz (21:45); hain justu, Euskararen Nazioarteko Eguna da bihar. Egunotan, Donostiako Principe zinema aretoetan ere ematen ari dira. Primeran plataforman ere jarriko dute Bizkarsoro.
Filmak erakusten du Bizkarsoro herrian gertatzen den «izugarrizko aldaketa» bat. Mende hasieran, euskaldunak gehiengoa dira, eta mende bukaeran, gutxiengo eta gaizki ikusiak. Existitzen ez den herri horretan erakutsitakoa Euskal Herriko herri askotan gertatu zen.
1914tik 1982ra bitartean gertatzen diren bost istoriok osatzen dute filma. XX. mendeko bost istorio, beraz, Bizkarsoron. 1914: emakume bat gutun baten esperoan bizi da —Lehen Mundu Gerran borrokan da senarra—; 1921: haurrek Anti izeneko makila baten bidez ikasten dute eskolan —irakasleak euskaraz hitz egiteko debekua ezarri die—; 1940: nazi alemaniarren okupazioan, Francorengandik ihesi Hego Euskal Herritik etorritako euskaldunak desagertzen dira; 1966: lau gaztek hitz batzuk aurkitzen dituzte mendian lurperatuta; 1982: guraso talde batek bere haurrentzat euskarazko eskola bat sortzen du..
Martinezek gaur egungo euskararen egoeran sakondu du, eta filmarekin lotu du: «Uste dut oraindik euskaldunok ez dugula nahikoa kontatu». Zuzendariak ziurtatu du euskarak urteetan pairatu dituen oldarraldiak eta zapalkuntza kontatu behar direla, bistan jarri behar direla. Horretarako, film hau tresna egokia da, zeren eta bertan erakusten diren istorioak «ahozko eta idatzitako testuetan oinarritutakoak» dira.
Ia film osoa Baigorrin (Nafarroa Beherea) grabatu zuten, eta egileek herritarren laguntza jaso zuten. Berrehun herritarrek baino gehiagok hartu zuten parte filmaketan. BERRIAren laguntza ere izan zuen ekoizpenak. Bizkarsoro ekoitzi duen taldeak ziurtatu du filma «herri zinema» dela, herritik jasotako laguntzagatik.
Bestalde, ETB2 kateak Tasio filma emango du bihar, 22:20an, La Noche de... saioan. Montxo Armendarizen lan horrek 40 urte bete ditu, eta Euskadiko Filmategiak 4Kn zaharberritu du. Primeran-en jarriko dute hori ere.
Euskararen Egunaren ekitaldi instituzionala ere emango du bihar ETB1ek, Bilboko Euskalduna jauregitik, 18:00etan —EITB.eus webgunean ere ikusi ahalko da—. Kontakizuna Ilaski Serranok egingo du.