Aspaldiko partez, euskal musikaren eszenari leiho bat zabalduko dio Euskal Telebistak. Bidegurutzean izena darama programak, eta asteazken gauetan emango du lehen kateak.
ETB1eko programa berria hilaren 7an estreinatuko dute, 22:30ean. Atal bakoitzean hiru gonbidatu egongo dira —taldeak nahiz bakarlariak—, adin, ibilbide eta esperientzia maila ezberdinekoak. Gonbidatu bakoitzari elkarrizketa bat egingo diote telefono kabina batean; gero, kantu propio bat grabatuko du bertan; eta, azkenik, hiru gonbidatuek bakoitzaren kantu bat abestuko dute elkarrekin. Off-eko ahotsean grabatutako narrazio laburrek egingo dute, bestalde, gonbidatuen arteko zubi lana.
Saioko zuzendaria Galder Izagirre bateria jotzaile eta argazkilaria izango da. Berri Txarrak taldeko bateria izan da urte luzez Izagirre —aurretik Dut eta Kuraia taldeetan aritu zen—. Duela 25 urte, Bidegurutzean saioa aurkeztu zuen Euskadi Gaztean. «Berrikuspen bat emango diogu orain», adierazi du.
Asteazkenean, lehen atalean, Izaro, Gari eta Skakeitan izango dira protagonista nagusiak. Ondorengo ataletan, honakoak izango dira musikari eta talde gonbidatuak: Petti, Liher eta Niko Etxart —astelehenean Biba zuek magazinera gonbidatu zuten, eta saioak inoizko ikusle daturik onenak lortu zituen—; Mursego, Joseba Irazoki eta Vulk; Evaristo, Dupla eta Sua. Beste hauek dira atal batzuetako hirukoteak: Eñaut Elorrieta, Willis Drumond eta Eneritz Furyak; Izaki Gardenak, Mice eta Oki Moki; Gatibu, Ezpalak eta Grises; Mikel Urdangarin, Maite Larburu eta McOnak; Francis, Zea Mays eta Kai Nakai; Belako, Amorante eta Sara Zozaia; Unai Muguruza, Africa Bibang, Lorea Argarate eta Juantxo Glaukoma; eta Haritz Lete, Kobra eta Niña Coyote.
Izagirrek nabarmendu du hiru belaunaldi elkartu dituztela saioan. «Musikari asko daude Euskal Herrian arreta gutxi eskaintzen zaienak. Aitortza moduko bat egiten saiatu gara».
Aurkezpen berezia BECen
Saio berria aurkezteko, herenegun aurkezpen berezia egin zuten Barakaldon (Bizkaia), BEC erakustazokan. Han elkartu zituzten45 musikari, eta denek elkarrekin abesti bat jo eta kantatu zuten.
Edu Barinaga ETBko zuzendariaren arabera, aurreneko atala jaso zutenean ikusi zuten lan «oso zaindua» zela. «Esku artistiko bat ikusi genuen. Ikusten da Euskal Herriko musikarien ugaritasuna. Proiektuak asebete gaitu». Saioaren hamabi atalek harrera ona izango dutela espero du. «Gauzak ondo egiten direnean, ikus-entzuleen aldetik ere erantzuna iristen da».
Izagirreren arabera, sormenaren inguruan ez dago galoirik, eta belaunaldi bateko musikariek ekarpena egin diete gazteagoei, eta alderantziz. Pozgarritzat jo du 45 musikarik elkarrekin jo eta kantatzea. «Ez dadila kontua hemen gelditu».
ETB1ek 'Bidegurutzean' musika saioa estreinatuko du asteazkenean
Atal bakoitzean hiru musikarik parte hartuko dute, eta telefono kabina batean mintzatuko dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu