ETB1ek auzolanari buruzko saio bat estreinatuko du igande honetan

Sei atal emango dituzte, oraingoz. Aurrenekoan, Ezkio-Itsasoko Kizkitza auzoan ibiliko dira

urtzi urkizu
2016ko irailaren 6a
00:00
Entzun
ETB1 katean Auzolan saio berria ikusi ahalko da datozen sei igandetan (21:30). ETBk Orio ekoizpen etxeari egindako enkargu bat da, ikus-entzuleei Euskal Herriko auzolanen aberastasuna erakusteko asmoz. Bi urtez aritu dira ekoizpen etxean proiektua lantzen, forma eman arte. Baina iritsi da azkenean estreinatzeko unea. Hurrengo sei asteetako emanaldien ostean, Oriok berak egiten duen Herri txiki, infernu handi iritsiko da igande gauetara.

Julen Imaz da programako zuzendaria. Aurkezle lanak, berriz, Ibon Gaztañazpi kazetariak egingo ditu. «Euskal Herriko aspaldiko ohitura da auzolana, batez ere baserri inguruetan eta herri txikitan. Hori toki askotan gorde dute, baina beheraka doan zerbait da», azaldu du aurkezleak. «Saioarekin nahi izan duguna da auzolana zer den erakustea, benetako auzolan batean parte hartu, eta hori ikusleei eskaini». Izan ere, Gaztañazpi hainbat herritan ibiliko da auzolanetan parte hartzen datozen asteetan. «Egia da proposamena egin zidatenean, hasierako pozarekin batera, errezelo pixka bat banuela. Baina, gero, auzolanetan parte hartzea esperientzia zoragarria izan da. Euskaldunen artean lan fisikoa egin dugu, mahonezko prakak jantzita». Sei ataletik bost grabatuak dituzte jada.

Igande honetan, estreinako atalean, Gaztañazpi Ezkio-Itsasoko (Gipuzkoa) Kizkitza auzora joango da, eta hango Ama Birjinaren baseliza berritzen parte hartuko du. «Jende elizkoiarekin batera, herritar agnostikoak eta oso ateoak ere izango dira lanean. Ingurua txukuntzen ariko gara». Kazetariak nabarmendu du auzolanak berarekin balio batzuk dauzkala, «kasu horretan, fedetik harago».

Nafarroako Igantzi herrian grabatutakoa izango da beste atal bat; iazko abenduan sute handi bat piztu zen, eta herritarrek auzolanarekin egin zioten aurre egoerari. Mallabiko (Bizkaia) auzo txiki batekoa izango da beste ataletako bat. Leitzan (Nafarroa) ibiliko da Gaztañazpi, auzolanean. Baita Bergaran (Gipuzkoa) ere, gaztetxekoei laguntzen. Auzolan urbanoagoa izango da hori, eta «oso berezia» izan zela nabarmendu du saioko aurkezleak: «Sekulako ilusioa eman zidan Bergarako gaztetxeko jendearekin auzolanean aritzea. Oso giro ona sortu zen».

Kazetariaren iritziz, irudi aldetik «zaindua» dagoen produktu bat da Auzolan. «Herri people saioaren aldean kalitatezko pauso bat dago, eta hori antzemango dela uste dut. Gidoi aldetik ere oso landua dago». Atal bakoitzean ezusteko txiki bat izango da. Amaieran, berriz, ospakizunerako tartea izango dute denek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.