ETB1ek 'Abiapuntua' «esperimentu soziala» estreinatuko du bihar

Xabier Madariagak aurkeztuko du. Sei gazte «ongizate eremutik ateratzera» behartuko dituzte

Lorea Iribar, Joseba Loiarte, Maider Uribarri, Gorka Basterretxea, Andoni Andueza eta Janire Matilla protagonistak. ETB.
urtzi urkizu
2022ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
ETBko Ur handitan erreportajea atsedenean da azkenaldian, baina horrek ez du esan nahi formatua laster itzuliko ez denik. Xabier Madariaga kazetariak eta Baleuko ekoiztetxeak, ordea, badute proiektu berri bat: Abiapuntua. ETB1ek bihar estreinatuko du saioa, 22:30ean.

«Haiek jakin gabe, herritarrek oraindik badituzten aurreiritziak» islatuko ditu saio berriak. «Gure benetako usteen eta sinesmenen inguruko test soziala egingo dugu», iragarri du ETBk. Galdera hauek egingo dituzte: Arrazistak al gara? Homofoboak? Berdin tratatzen al ditugu pertsona guztiak? Preso ohiak, desgaitasunen bat dutenak, homosexualitatea, arraza ezberdinak eta zahartzaroa modu naturalean onartzen al ditugu? Edo toleranteak eta irekiak garela pentsatzen dugun arren aurreiritziekin jokatu eta inguruko pertsonak kategoria ezberdinetan sailkatzen ditugu?

Asteazkenero, Abiapuntua saioak gai bat landuko du sei gazte protagonisten bizipenen bitartez. Janire Matilla, Andoni Andueza, Maider Uribarri, Gorka Basterretxea, Lorea Iribar eta Joseba Loiarte gazteak arituko dira esperimentu sozial horretan, hiru bikotetan banatuta.

Ikus-entzulea ispilu baten aurrean jartzea izango da saioaren helburua, eta gazteek biziko dituzten esperientziak herritarren aurreiritzi sozialen isla izango dira. Askotan kontzienteak ez diren iritziak eta sinesmenak erakutsiko dituzte programan «hesi sozial hori apurtzeko asmoarekin».

Ezagutzaren bide horretan, gazteek aukera izango dute haientzat ezohikoak diren egoerak eta errealitateak bizitzeko. Programak «ongizate eremutik ateratzera» behartuko ditu. Lehenbizi, atal bakoitzaren hasieran, Xabier Madariaga aurkezleak gaia aurkeztuko du, eta gazteei jarraibideak emango dizkie. Bikoteak dagokien errealitatera bidaliko ditu 48 orduz. Bikote horiek aldatuz joango dira astero.

Bizipen horien ostean, sei gazteak elkartu egingo dira berriro. Bizipenen inguruko gogoeta egingo dute, zer sentitu duten adierazi, eta ondorioak aterako dituzte.

Gizartea eraldatzeko

EITBk, «zerbitzu publiko izaerari jarraituz», euskal gizartearen aniztasuna gerturatu nahi die Euskal Herriko ikus-entzuleei. Izaera sozial handiko saiotzat jo dute, eta begiak zabaldu nahi dizkie ikus-entzuleei, «errealitatea ulertu eta denen sinesmenen inguruko hausnarketa egiteko». Gizartearen formakuntzan eta eraldatzean parte hartze aktiboa izatea du helburu EITBk, eta saio berri horrekin aurreiritzien hesi soziala apurtzeko hausnarketa bultzatuko du, eta, hala, bat egingo du gizartea hobetzen laguntzeko telebista edukien aldeko Tv that matters nazioarteko pentsamoldearekin.

Saioa EITBren Interneteko Nahieran zerbitzuan ere ikusi ahalko da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.