ETB1en ikusle kuotak nabarmen egin du gorantz apirilean. Aurreko hilabetearekin alderatuta, sei hamarren irabazi ditu euskarazko kateak, baina batez ere esanguratsua izan da iazko apiriletik hona izan duen igoera: iaz, apirilean %1,2ko ikusle kuota izan zuen Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %2,6ra iritsi da aurtengo apirilean.
Aurreko urtean beherakada nabarmena izan zuen kateak, pandemia iritsi zenean pilota jaialdiak bertan behera gelditu zirenean. Aurten, eskuz binakako txapelketako partidak ari da ETB1ematen astean lau egunetan. Halaber, katearen batezbestekoan eragina izan du Reala-Athletic Espainiako Kopako finalak —partidak %21,9ko ikusle kuota lortu zuen, eta egun horretan, apirilaren 3an, ETB1ek %10,7ko batezbestekoa izan zuen—. Euskal Herriko Itzuliak, halaber, %8,8ko batezbesteko kuota ian zuen, azken zortzi urteetako txirrindularitza probaren daturik onena.
ETB1eko saioen artean, nabarmentzekoak dira Herri txiki, infernu handi —%4,2ko kuota— eta Biba zuek! —%2,9ko kuota—. Albistegiek %3,2ko kuota izan dute.
ETB2 kateak %10,4ko ikusle kuota bereganatu du, azkeneko hilabeteetako joera mantenduta. Iazko apirilean, ETB2 igo egin zen, bereziki albistegietako datuei esker. %10,6ko ikusle kuota izan zuen iazko apirilean, eta orain, bi hamarren beherago dago.
Haurrei zuzendutako ETB3 katea, bestalde, oso apal dabil: %0,1eko ikusle kuota baino ez du. ETB4, berriz, gaztelaniazko saioen errepikapenekin bete ohi da, eta joan den hilean %0,6ko kuota bereganatu du.
EITBk albiste zerbitzuetan lau kateen batuketaren datua nabarmendu du: %13,7ko kuota. Izan ere, 2012ko apiriletik taldeak osotasunean lortu duen daturik onena izan da.
ETB2ko zenbait saiok datu oso onak bereganatu dituzte apirilean: El conquistador del fin del mundo-k, %23,1eko kuota; En jake-k, %14,3koa; eta Atrápame si puedes lehiaketak, %13,9koa. Gaztelaniazko albistegiek %22,8ko kuota lortu dute.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, Tele5 da kate liderra, %14,9ko ikusle kuotarekin —Reala-Athletic finalean %51,7ko kuota erdietsi zuen—. Bigarren tokian, hiru puntura, Antena3 dago. La1 kateak %8,3ko kuota izan du joan den hilean —ETB2k baino bi puntu gutxiago, beraz—. Eta La Sextak %7,3koa.
ETB1ek %2,6ko ikusle kuota lortu du apirilean; iaz, %1,2koa izan zuen
Kirol emanaldiek eragina izan dute katearen igoeran. ETB3k, berriz, %0,1eko ikusle kuota du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu