ETB1 eta ETB2 kateek aurreko hilabeteetako datuak hobetu dituzte apirilean: ETB1ek batez beste %2,5eko ikusle kuota bereganatu du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta ETB2k %9,7koa lortu du. Horretan eragina izan dute kirolaren bueltako hainbat emanaldik.
Athleticek Mallorcaren aurka jokatutako Espainiako Kopako finalak, esaterako, ikusle askoren arreta bereganatu zuen. Finala bera ETB1ek eta TVEk eman zuten, eta penaltiek sekulako ikusmina piztu zuten; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan marka berri bat ezarri zuten finaleko penaltiek: %83ko ikusle kuota. Kopuru horretatik, %69,1eko kuota izan zuen La1 kateak, eta %13,9koa ETB1ek. Gainera, 190.000 herritarrek baino gehiagok egin zuten bat euskarazko emanaldiarekin —21:00etan hasi eta 02:00etaraino luzatu zen—. Egun hartan, ETB2k saio berezi bat egin zuen arratsaldean, eta %16,4ko kuota bereganatu zuen.
Handik egun gutxira, apirilaren 11n, gabarraren gaineko zuzeneko saio bereziak eman zituzten ETB1en, ETB2n eta ETB4n. Bost ordu luzeko emankizunak %30,3ko ikusle kuota izan zuen ETB2n, eta %7,8koa ETB1en. Egun hartan, ETB2 katearen batezbesteko kuota %15,9koa izan zen.
Apirilean, ETB2 katea gehien ikusitakoen artean hirugarrena izan da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; lehen tokian Tele5 mantendu da, eta bigarrena La1 izan da. ETB2ko Teleberri-k %22ko ikusle kuota izan du apirilean; daturik onena gabarraren eguneko albistegiak lortu zuen: %27,6ko kuota. Datu oso onak lortu ditu baita ere El conquistador del fin del mundo saioak: astelehen gauetan liderra da.
ETB1 katean beste kirol emanaldi batzuek ere datu apartak lortu dituzte: Euskal Herriko Itzuliak %7,5eko ikusle kuota izan zuen —euskaldunen artean, %14,8koa—. Aurreko urtean baino 2,2 puntu gehiago izan du aurten txirrindularitza probak. Beste alde batetik, pilota emankizunek datu onak izan dituzte. Gainontzeko saioei dagokienez, ETB1ek 11 Entzuteko eztabaida programa estreinatu zuen astearte gauean, eta oso ondo funtzionatu zuen: %3,5eko ikusle kuota lortu zuen Klaudio Landak aurkeztutako saioak.
Burua altxatu ezinik dabilen katea ETB3 da. Haurrentzako kanalak %0,1eko ikusle kuota izan du apirilean, eta azkeneko hilabeteetan datua ez da askorik mugitzen: %0,1 eta %0,2 artean dabil. Haurrentzako kateen artean ikusle gutxien duena da. Aldiz, Katalunian katalanezko SX3 da haurren artean gehien ikusten dena.
ETB4 kateak %0,9ko ikusle kuota izan du apirilean. Hortaz, ETBren lau kateak batuz gero, taldeak %13,2ko kuota lortu du, eta, hala, aurreko hilabeteetako datua hobetu.
Katalunian, bestalde, TV3 da alde handiarekin gehien ikusten den katea: %13,8ko kuota izan du apirilean. Galizian, bestalde, galegozko TVG kateak %7,9ko kuota izan du —herrialde horretan Antena3 ikusten da gehien—.
Telebistaren erabilera
Azkeneko hilabeteetan ikus-entzunezkoen kontsumoan joera argi bat nabari da: telebista konbentzionaleko kateak ikusteari eskaintzen zaion denbora murrizten ari da, baina telebista aparailuaren bestelako erabilera denbora igotzen ari da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, apirilean herritar bakoitzak 186 minutu pasatu zituen egunean kate konbentzionalak ikusten. Telebista aparailuaren kontsumoa, berriz, egunean 222 minutukoa da —%6 handitu da iazko apirileko datuekin alderatuz gero—.