ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan du 2022an; ETB2k, %8,6koa

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan gehien ikusi den katea Tele5 izan da, %12,4ko kuotarekin. ETB3 kateak %0,2ko kuota bereganatu du

ETB1ek %2,2ko ikusle kuota izan du 2022an; ETB2k, %8,6koa.
urtzi urkizu
Donostia
2023ko urtarrilaren 3a
00:00
Entzun

2020. urtean hondoa jo zuen ETB1ek, eta inoizko daturik txikiena izan zuen. Hurrengo urtean gorantz egin zuen, eta aurten mantendu egin da. 2021eko batezbesteko bera izan du 2022an: %2,2ko ikusle kuota Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Euskaldunen artean, apur bat gora egin du datuak: 2021ean euskaldunen artean %4,9ko kuota izan zuen ETB1ek, eta %5,1era igo da amaitu berri den urtean. Ohiko moduan, kirol emanaldiek pisu handia izan dute euskarazko katearen kuota horretan.

Sekulakoa izan zen, esate baterako, lau eta erdiko pilota txapelketako Ezkurdia-Altuna finalak lortu zuen datua: %24,5eko ikusle kuota —euskaldunen artean, %38,3koa—. Azkeneko bost urteetako lau eta erdiko finalen artean, ikusle daturik onenak lortu zituen.

Azkeneko hamarkadan, ETB1en batezbestekoa %2ren bueltan dabil; hamarren pare bat gora edo behera jaits daiteke, baina nahiko egonkor. 2020an izan zuen inoizko daturik txikiena, eta horretan eragina izan zuten pandemiako lehen hilabeteek: kirol emanaldiak bertan behera utzi izanak asko txikitu zuen euskarazko katearen kuota, bereziki pilota ez emateak.

ETB2 kateak, aldiz, gora egin zuen 2020an, eta indar handia izan zuten albistegiek. Urte horretan %10eko kuota lortu zuen ETB2k, eta 2021ean %10,1era igo zen. 2022an, ordea, beherantz egin du nabarmen: puntu eta erdi galdu du, eta %8,6ko batez besteko kuota izan du. ETB2ren indargune nagusiak albistegiak —%18ko kuota— eta El conquistador del Caribe —%24,4ko kuota— izan dira.

Haurrentzako ETB3 katearen datuak, berriz, oso apalak dira: %0,2ko ikusle kuota izan du 2022an, aurreko urteko datu bera. ETB4 hamarren bat hazi da, eta %0,8ko kuota bereganatu du 2022an.

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan Tele5 da liderra. 2022an %12,4ko batez besteko kuota izan du, eta bi puntu eta erdi atera dizkio Antena3i —duela urte batzuk alde handiagoa zen, sei edo zazpi puntukoa—. Hirugarren tokian La1 dago, %9,2ko kuotarekin; laugarrena da ETB2; bosgarrena, berriz, La Sexta, %6,6ko kuotarekin; Cuatrok, %5,3koa du; eta La2ek, %3,4koa.

Telebista kontsumoari dagokionez, kate tradizionalen emisio linealen eta grabatuen kontsumoa %8 jaitsi da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Herritar bakoitzak hiru ordu eta hamar minutu pasatzen ditu egunean ohiko telebista kateak ikusten, baina handitu egin da telebista beste modu batean erabiltzeko joera: streaming plataformak, bideo jokoak, Interneteko beste atariak eta abar. Nafarroan %12 egin du beherantz telebista kate tradizionalaren kontsumoak, Barlovento Comunicacion agentziaren datuen arabera.

Kanpaiek ETB1en, %4,7

Urtezaharreko eta Urteberriko ETBko saioek, berriz, ikusle datu txukunak izan dituzte: Gasteizko Plaza Berriko kanpaien emanaldiak %4,7ko kuota izan zuen ETB1en, eta %10,8koa ETB2n. Urteko azken gauean, Piztu telebista saioak %4ko ikusle kuota izan zuen, eta Biba 2023 galaren lehen parteak ere beste hainbeste. Kanpaien ostean, Biba 2023-k %5,1eko kuota lortu zuen —euskaldunen artean, %10,6koa—. ETB2ko Ene!flix umore programak %18,3ko kuota lortu zuen. Kate horretan Fair Saturday. Ura bere bidean ikuskizuna eman zuten gauerditik aurrera, eta %9,4ko kuota izan zuen.

Harrera beroa izan du, halaber, ETB1en urteko lehen estreinaldiak: Herri txiki, Amerika handi saioak herenegun %5,5eko ikusle kuota bereganatu zuen —euskaldunen artean, %14,4koa—.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.