ETB1ek %1,9ko ikusle kuota lortu du martxoan; ETB2k, %7,9koa

'Akelarre' saioak %4,6ko batez besteko kuota izan du. 'Conquis'-ek ditu daturik onenak ETB2n

El Conquistador del Caribe da ETBn ikusle daturik onenak dituen programa. Irudian, Lur Errekondo eta Julian Iantzi. ETB.
urtzi urkizu
2023ko apirilaren 4a
00:00
Entzun
Apustu handia egin du aurten ETB2 kateak Akelarre umore saioarekin. Baina lehen egunean izan ezik, katearen batez besteko kuota baino datu txikiagoa izan du lau hilabeteotan. Martxoan, esate baterako, ETB2k %7,9ko ikusle kuota bereganatu du. Akelarre-k, berriz, %4,6ko ikusle kuota izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, hau da, katearen batezbestekoa baino hiru puntu eta bi hamarren gutxiago.

Gogoan izan behar da otsailaren erdialdean umore programak zalaparta eragin zuela sare sozialetan. Herritar askok «iraingarritzat» jo zuten programa eta Valeria Ros aurkezlearen jokabidea, euskal kulturari barre egiten diolakoan. Eusko Legebiltzarrera ere iritsi zen afera, eta EH Bilduk programaz galdetu zion EITBko zuzendari nagusiari. Andoni Aldekoa EITBko zuzendari nagusiak saioa defendatu zuen, eta zera adierazi: «Saioa euskal gizartearen erreferentzia eta kidetasun elementuekiko maitasunean eta errespetuan oinarritua dago».

Akelarre ez da funtzionatzen ari ETB2n. Aldiz, datu oso onak dituen programa El Conquistador del Caribe da. Barlovento agentziaren datuen arabera, ETBn martxoan daturik onenak lortu dituen saioa reality hori izan da: martxoaren 6an, %25,4ko ikusle kuota lortu zuen.

Albistegiei dagokienez, Teleberri-k %16,4ko batez besteko kuota izan du martxoan —2022ko datua baino puntu batzuk beherago—.

ETB1 kateak %1,9ko ikusle kuota lortu du martxoan. Ez da datu ona, aintzat hartuta 2022ko batezbestekoa %2,2 izan zela. Kirol emanaldiek lortzen dituzte daturik onenak euskarazko katean. Aipagarriak izan dira eskuz binakako txapelketako partida batzuen datuak. Baita Espainiako Kopako finalerdietako joaneko lehiarena ere: %8,4ko kuota lortu zuen martxoaren 1ean —La1 katean %31,1ekoa izan zuen lehiak—.

ETB3 kateak %0,2ko ikusle kuota izan du martxoan; eta ETB4k, %0,8koa.

Igandeko finalak, %13,9

Herenegun, eskuz binakako txapelketako finala eman zuen ETB1ek. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, %13,9ko ikusle kuota bereganatu zuen Zabaletak eta Elordik irabazitako finalak —iazkoa baino datu txikiagoa—. Eguerdian Realak eta Athleticek jokatu zuten futbol lehiak %3,7ko kuota izan zuen. Egun osoko batezbestekoa %3,4koa izan zen euskarazko katearentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.