EHUko ikerlariak

Iñaki Zabaleta eta Tania Arriaga: «ETB1 Irlanda, Gales eta Eskoziako hizkuntza propioko telebisten aurretik dago»

Iñaki Zabaleta eta Tania Arriaga EHUko ikerlariek 'Irrati eta telebistako audientziak europar hizkuntza gutxituetan: errealitatea, estrategiak eta erronkak' ikerketa plazaratu dute.

Iñaki Zabaleta eta Tania Arriaga EHUko HEKA ikerketa taldeko ikerlariak.
Iñaki Zabaleta eta Tania Arriaga EHUko HEKA taldeko ikerlariak. EHU
urtzi urkizu
2024ko urtarrilaren 13a
05:00
Entzun

Tania Arriaga (Iruñea, 1972) eta Iñaki Zabaleta (Leitza, Nafarroa, 1952) EHUko ikerlariek Irrati eta telebistako audientziak europar hizkuntza gutxituetan: errealitatea, estrategiak eta erronkak ikerketa plazaratu dute. Ondorioztatu dutenez, ETB1ek emaitza ona lortzen du bere multzoan —hizkuntza nagusiaz oso bestelakoak diren hizkuntza gutxituetan diharduten telebisten artean—. Euskadi Irratiari dagokionez, emaitza «bikaina» lortu du 35-54 urte arteko herritarren artean: %40,3koa —ikertutako zazpi irratien ehunekorik handiena; Kataluniako irratiaren gainetik ere geratu da—.

Zein ondorio nagusi atera duzue Europako hizkuntza gutxituen telebista eta irrati audientziak aztertuta?

TANIA ARRIAGA: Europako hizkuntza gutxituetako irrati eta telebistek audientzia datu nahiko aipagarriak dituzte orokorrean, kontuan izanik kontrako faktore asko eta oso indartsuak dituztela: hizkuntza nagusiko telebisten konpetentzia izugarria, telebista jeneralistaren kontsumo urritzea, eta jendeak Internet eta beste plataforma batzuk erabiltzea.

Zein dira arrazoiak Katalunian, Galizian eta Frisian hizkuntza propioetako hedabideek arrakasta handiagoa izateko?

IÑAKI ZABALETA: Gure ikerketaren emaitzek aurkitu dute hizkuntza propioko telebisten audientziaren datuek eta «hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoa» kontzeptuak korrelazioa dutela. Alegia, hizkuntza gutxituaren eta nagusiaren artean ulergarritasuna handia edo handi samarra bada, orduan audientzia datuak hobeak dira. Horrela, aipatutako hiru komunitate horietan, beren telebisten ikusle kuota %10-15 artekoa da. Aldiz, hizkuntza gutxituak (euskara, gaelikoa) hizkuntza nagusiarekin (gaztelania edo ingelesa, kasurako) antzekotasunik ez badu, edo haien artean ulergarritasuna txikia bada, orduan audientzia datuak askoz baxuagoak dira, eta ikusle kuota %3 azpitik dago. Beste alde batetik, hiztun populazioaren faktoreak ere korrelazioa adierazi du audientzia datuetan, baina ez horren nabarmena.

Zein tokitan gelditzen da ETB?

ARRIAGA: ETB1ek emaitza ona lortzen du bere multzoan, hau da, hizkuntza gutxituaren eta hizkuntza nagusiaren artean ulergarritasuna oso txikia duten telebisten artean. Izan ere, Irlanda, Gales eta Eskoziako hizkuntza propioko telebisten aurretik gelditzen da audientzia datuetan.

Herritar askoren irudipena da ETB1en datuak txikiak direla. Zer ondorioztatzen duzu zuk?

ZABALETA: Bai, herritar askok irudipen hori izan dezake, baina antzeko egoeran dauden beste telebistekin alderatuta, ETB1en audientzia emaitzak hobeak dira besteenak baino. Hala, Irlanda eta Galesko hizkuntza propioko telebistekin alderatuta, ETB1en ikusle kuota (%2,2, 2022an), proportzionalki, Irlandako TG4 baino %13,6 handiagoa da, eta Galesko S4C baino %54,5 handiagoa da.

Eta Euskadi Irratia? CIESek 144.000 entzule eman dizkio.

ARRIAGA: Euskadi Irratiak oso audientzia datu onak ditu, hizkuntzen arteko ulergarritasun linguistikoaren faktorea oso baxua izan arren. Horrela, eguneroko audientzia metatua %4,6 da, irrati galiziarraren baliotik ez urrun. Horrek esan nahi du euskaldunen artean oso ongi baloratuta dagoela.

Irlandan eta Galesen egoera okerragoa da orduan?

ZABALETA: Bai, bi herrialde horietako hizkuntza propioko telebistek eta irratiek franko emaitza baxuagoak dituzte audientziaren aldetik, nahiz eta lan eta ahalegin handia egiten duten programazioan, zuzendariek adierazi didaten modura bertara egindako bidaietan.

Zein iruditzen zaizue izan daitekeela bidea ETB1ek eta Euskadi Irratiak hartzaile gehiago izan dezaten?

ARRIAGA: Funtsezkoa da programazioan kalitateko entretenimendua ematea, baina horrek ez du bermatzen audientzia igoko denik. Sustapen lan handiagoa egin behar da, eta Interneten eta sare sozialetan askoz ere indar handiagoa jarri behar da.

Lan eremu honekin ikerketa gehiago egiteko asmoa duzue HEKA ikerketa taldean?

ZABALETA: Ikerketa proiektu honetan beste bi alor ere ikertu ditugu: batetik, Internet eta sare sozialetako jarduera, eta, bestetik, audientziaren garapenerako egiturazko egokitasun indizea.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.