'11 entzuteko' saioko aurkezlea

Klaudio Landa: «ETB1 ikusteko gogoa piztu diogu Euskal Herriko jende askori»

Amaitzera doa  ‘11 entzuteko’ saioa. Gaur emango dute denboraldiko azken programa, eta balantzea egin du Klaudio Landa aurkezleak: «Oso pozik gaude; jendeak oso harrera ona egin digu».

Klaudio Landa, ETB1eko '11 entzuteko' saioaren aurkezlea. ETB
Klaudio Landa, ETB1eko '11 entzuteko' saioaren aurkezlea. ETB
enekoitz telleria sarriegi
2024ko ekainaren 25a
05:00
Entzun

Ezusteko handirik ezean, jarraitu egingo du ETB1eko 11 entzuteko saioak. Gaur du denboraldiko azkena: turismoari buruz ariko dira lehenengo, Aitzole Araneta sexologoa elkarrizketatuko dute ondoren, eta Harrotasunaren Eguna izango dute hizpide amaieran. Estreinako denboraldiaren balantzea egin du Klaudio Landak (Ea, Bizkaia, 1967), saioaren aurkezleak.

Amaitzera doa saioa. Zein izan da audientziaren sententzia? 

Epaiketen terminologia hori ez zait asko gustatzen [barrez], baina beste era batera esango dizut: ikasturte honetan egindako lan guztiarekin uda lasai eta ederra igarotzeko arrazoiak dauzkagula esango nuke. Eta galderari zuzenean: telebistan audientziaren gorabeherak nolakoak izaten diren kontuan hartuta —eta talde guztiaren izenean hitz egiten dut—, oso pozik gaudela esango nuke, harrera oso ona izan dugula.

ETB1ek «behar zuen» programa dela esan dute batzuek. Zer hutsune bete duzuela uste duzu?

Nire inpresioa da ETB1 ikusteko gogoa piztu diogula Euskal Herriko jende askori.

Eta gogo hori pizteko, zertan asmatu duzue? 

Osagai ezberdinak egon dira. Oso lantalde ona bildu dugu, eta hori bada Orio ekoiztetxearen meritua. Talde profesionala izan da, talde gaztea, eta ilusioz betea. Gogo hori hasieratik nabaritu da, eta horrek asko erraztu du nire lana. Nik uste dut jendeari zera gustatu zaiola, produktu atsegin bat egin dugula, prime time-an ikusteko modukoa, gaiak eta pertsonaiak ongi landu dituena. Saioaren helburua hasieratik izan da punta-puntako pertsonaiak ekartzea, eta, askotan, lortu egin dugu. Osagai asko elkartuz, magia sortzen da. Eta une batzuetan, hori gertatu da. 

Platoaren diseinua, saioaren sarrerakoa... bereziak izan dira horiek ere.

Txikikeria bat dela dirudi, baina ez da txikikeria bat. Azkenean, ikus-entzunezkoetan lan egiten dugunok badakigu irudiak eta baliabide teknikoek zer-nolako garrantzia duten. Horretan ere lan asko egin dugu, eta uste dut lortu dugula prime time-kosaio batek merezi duen irudi hori osatzea: irudi txukuna, dotorea, egokia eta atsegina.

Eztabaida saio bat izanda, aniztasuna ere bermatu duzue? 

Hori ere hasiera-hasieratik egon da helburuen artean; saioaren ardatza izan da. Eta aniztasun hori bermatzeko ere lan asko egin behar izan dugu: jende askorekin harremanetan jarri, programa zer den azaldu... Hasi zen arte, inork ezagutzen ez zuen programa bat zen, eta inork ezagutzen ez duen programa batera joateko baiezkoa ematea ez da erraza izan askorentzat. Errazagoa izan da ezagutu dutenean, eta nora zihoazen jakin dutenean. 

Segituko du programak?

Hala espero dut. Hori da nire desioa eta ametsa. Baina galdera horri EITBk erantzun behar dio.

Formatu honetan oso eroso aritzen zara. 

Hori izan da hasieratik izan dudan sentsazioa. Eroso eta gustura egon naiz, zuzenean izan delako. Eta zer esango dizut? Niri zuzenekoa gustatu egiten zait. Arriskuak dituela? Bai. Baina telebista zuzenean egiteak beste freskotasun bat eta beste naturaltasun bat ematen dizu. Daukazun hori areagotu egiten du. Etxean banengo bezala egon naiz plato horretan.

Galdetzea bainoago, entzutea omen zen saioaren helburua. Lortu duzue? 

Saiatu gara horretan. Saioari 11 entzuteko izena jarri izana bazen jada etor zitekeenaren aitortza bat. Programaren esentzia laburbiltzen duen zerbait izan da izena. Baina bada nire ibilbide profesionalean ikasi dudan zerbait ere: garrantzia ez dagoela galdera aproposak egitean, baizik eta elkarrizketatuaren erantzunetan. Bestela, joko horrek ez dauka zentzurik. Entzuteak duen garrantzia nabarmendu nahi izan dugu hasieratik. Eta iritzi ezberdinak dituztenek elkarri entzuteak duen garrantzi estrategikoa. Horixe: entzutea. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.