Josu Barambonesek (Gasteiz, 1963) Itzulpengintza irakasten du EHUn, ingelesa-euskararen itzulpen espezializatuak, alegia. La traducción audiovisual en euskera eta Mapping the Dubbing Scene liburuak argitaratu berri ditu. Besteak beste, ETBn bikoizketan eta azpidatzietan eginiko lana aztertu du testu horietan.
Zergatik argitaratu euskarazko itzulpengintza eta bikoizketaren inguruko bi liburu bi erdaratan?
Nire tesia dago liburuon oinarrian, eta gazteleraz egin nuen, arlo honek zabaltzea behar duelako. Espainiako kasuan, esaterako, hizkuntza gutxituen itzulpengintza ez da oso ezaguna, katalanarena salbu. Euskarazko bikoizketaren mundua ikusezina da, eta hau ezagutarazteko modu aproposa da.
Hala egin duzu uste duzulako badugula zer irakatsi gai horretan?
Ez. Baina munduari hemen zer egin dugun kontatzea garrantzitsua da. Esaterako, ETB sortu zenean ikus-entzunezkoen euskarazko itzulpengintzak izan zuen indarra, barne produkziorik ez zegoen garaian. Berebiziko garrantzia izan arren, horren inguruan azken 30 urteotan apenas egin den hausnarketarik. Gaur zein egoera dugun kontatu nahi nuen baita ere.
Azken boladan, ezinbestekoa dirudi hemengo egoera Kataluniakoarekin parekatzea. Zein da aldea?
Bikoizketan dagoen aldea izugarria da, kopuruari begiratuta. Hemen hutsune handia dago, telebistan zein telebistatik kanpo. Zenbat film bikoizten dira hemen zinema aretoetarako? Hamar bat? Eta, batez ere, Gabonetan emateko gehienak. Telebistan barne produkzioak pisu handia dauka, itzulpengintzaren kaltetan. Egoera larria da.
Duela bi urte azterketa bat argitaratu zenuen, eta kexu zinen ETBko marrazki bizidunetako euskara jatorrizko hizkuntza baino askoz formalagoa zela.
Bai. Jasoegia da horien hizkera, itzulpengintzaren atzean asmo didaktiko bat ezkutatzen delako. Didaktismo faltsu bat da, azken batean. Kontuan hartuta norentzat diren saiook, egokia al da halako maila jasoa erabiltzea?
Eta, halere, marrazkiokin hazitako jendeak nahiago ditu euskarazkoak erdarazkoak baino. Zergatikez zaigu hori gertatzen helduontzako saioekin edo zinemarekin?
Deigarria da, baina ohiturarekin dago lotuta. Gazteak 16 bat urtetik aurrera, ordea, marrazkiak utzi eta helduentzako fikzioa ikusten hasten dira, etahorretan ez dago ia ezer euskaraz.
ETB 30. urteurrena ospatzen ari da, baina ikusle maila apala du. Kanpoko fikzioa ekartzea konponbidea izan daitekeela uste duzu?
Ikusten da batzuetan dirua alferrik gastatzen dela. Larunbat gauetan Mexikoko dantzak-eta ematea absurdoa da. Dirua gastatu dute: zergatik ez erabili film duin bat bikoizten edo, merkeago, azpidatziekin ematen? Jatorrizko bertsioak azpidatziekin ematea aberasgarria litzateke. Euskaraz irakurtzeko gai direnen kopurua asko handitu da, eta gazteak ohituta daude.
Askoz lan handiagoa egiten ari dira horretan boluntario taldeak Interneten. Itxaropena pizten dizu mugimenduak?
Fun-subs-en mugimendua oso zabalduta dago munduan. Ingelesez 1980ko hamarkadan hasi ziren mangazaleak euren kasa itzulpenak egiten. Jende asko dabil horretan, oso erraza delako. Ikusi behar, ordea, azpidatzien kalitatea nolakoa den. Hori beste kontu bat da. ETBk ahalegin handiagoa egin beharko luke, bikoizketan zein azpidatzietan, baina ahaleginarekin batera, dirua jarri behar da. Mugimendu horrek ez du eraginik, halere, ETBn. Internet da zale horien tokia, eta mugimendua ez da hortik aterako. Donostiako Zinemaldian film asko ematen dira euskarazko azpidatziekin, 30 bat urtero, baina copyright dela-eta edo banaketa arazoengatik, gero ez dira zabaltzen.
Beste gehiengo bat egongo da orain Gasteizko Legebiltzarrean. Balioko al du ETB1 kateari astindua emateko, bizkortze aldera?
Ez dut uste, orain etorriko direnak ez baitira berriak, 26 urtez egon dira lehen ere. Euskarazko bikoizketaren gainbehera 1992. urtean hasi zen, Miramongo produkzio zentroa sortu zutenean. ETB1eko programazioa triste samarra da batzuetan. Neuk ere ez dut askorik jarraitzen horregatik. Beste programazio eredu bat behar du, askoz erakargarriagoa. Kontuan hartu behar da gaurko gazteek oso telebista gutxi ikusten dutela. Batzuetan, programazio eredua lokalegia iruditzen zait. Kirola erabiltzen dute ikusle kopurua handitzeko, asteburuetan kirol kate bihurtzeraino. ETB2k bi milioi baino gehiago gastatu zuen La Transición en Euskadi-ko hamahiru atal egiteko, hau da, 2011n euskaraz bikoizteko zegoen aurrekontu guztia adina. Dirua egon badago. Non? Hori beste kontu bat da.
Komunikazioa. Josu Barambones. Itzulpengintza irakaslea
«ETB1 ez da bizkortuko, orain datozenak lehen ere egon zirelako»
Ikus-entzunezkoen euskarazko bikoizketaz bi liburu plazaratu berri ditu EHUko irakasleak, eta horren gainbehera salatzen du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu