Martxoaren erdialdean koronabirusaren krisia Euskal Herrira iritsi zenetik ETB1eko ikusle datuak jaitsi egin dira, astez aste, hilabetez hilabete. Horren ondorioz, maiatzean kateak %1eko batez besteko ikusle kuota izan du Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Aurreko hilabetearekin alderatuz bi hamarren galdu ditu kateak, eta, iazko maiatzarekin alderatuta, puntu bat eta lau hamarren. Izan ere, iazko maiatzean %2,4ko ikusle kuota izan zuen ETB1ek.
Ekaina ere ez da ondo hasi euskarazko katearentzat. Ekainaren 1eko gauean, Kronokrimenak filmak prime time ordutegian %0,4ko ikusle kuota izan zuen; ordu berean, ETB2ko El conquistador del Caribe saioak %24,3ko ikusle kuota bereganatu zuen. Ez da salbuespena: astelehen gauetan, ETB2k 23-24 puntu gehiago izaten ditu ETB1eko zinema eskaintzak baino.
Maiatzaren 18tik 24ra, bestalde, euskarazko kateak inoizko asterik txarrena izan zuen ikusle datuei dagokienez: %0,8ko batez besteko kuota.
ETB2 kateak %10,4ko ikusle kuota izan du maiatzean, iaz hilabete berean baino 1,9 puntu gehiago. Koronabirusa iritsi zenean, gaztelaniazko kateak gorakada nabarmena izan zuen, bereziki Teleberri-ren datuei esker. Baina egonkortu da dagoeneko, eta apiriletik maiatzera bi hamarren galdu ditu. El conquistador del Caribe saioa oso indartsu dabil; astelehenetan liderra izateaz gain, asteazkenetako eztabaida saioak gorakada izan du azkeneko asteetan.
ETB3 kateak, bestalde, bere horretan segitzen du: %0,3ko ikusle kuota izan du maiatzean. ETB4k %0,6ko kuotarekin jarraitzen du.
Katalunian, TV3 da liderra
Katalunian, katalanezko TV3 kate publikoa da lider oraindik ere: %14,7ko ikusle kuota izan du maiatzean. Gehien ikusten diren kateetan bigarrenari, Tele5ri, hiru puntu ateratzen dizkio.
Galizian, galego hutsean emititzen duen TVG kateak %9,7ko kuota izan du joan den hilean—apirilarekin alderatuz, puntu erdi bat igo da—.
Espainiako telebista saioen artean, Mediaset taldeko Supervivientes da nagusi: Herrialde Katalanak, Galizia, Hego Euskal Herria eta Espainia aintzat hartuta,maiatzean ikusle gehien izan duten 25 emankizunetatik hemeretzi reality horrenak dira, bere bertsio desberdinetan. Hego Euskal Herrian ere zale asko ditu saio horrek. Tele5 izan da maiatzean Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan liderra, batez besteko %15,3ko ikusle kuota lortuta.
Publizitateari dagokionez, kopuruak txikiak dira urteko lehen bi hilabeteekin alderatuz, baina maiatzeko azkeneko asteetan telebistako publizitate fakturazioak gorantz egin du.
Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, herritar bakoitzak lau ordu eta 16 minutu pasatzen ditu egunean telebista tradizionalaren aurrean.
ETB1 %2,4ko ikusle kuotatik %1era jaitsi da iazko maiatzetik hona
Hirugarren hilabetez jarraian, inoizko daturik txikienaren marka izan du euskarazko kateak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu