Mikel Lejarza. Planeta taldeko, ikus-entzunezkoen aholkularia

«ETB mundura zabaldu behar da»

FesTVal jaialdiak Joan Ramon Mainat saria emango dio bihar Lejarzari, ikus-entzunezkoen arloan egindako lana aitortzeko. Lejarzak etorkizunari begiratu nahi dio, eta ez iraganari.

DANIEL PEREZ / EFE.
urtzi urkizu
2021eko irailaren 3a
00:00
Entzun
Radio Euskadiko zuzendari izendatu zuten 1983an Mikel Lejarza (Bilbo, 1956). ETBko programen arduradun eta programazio zuzendari izan zen. 1990eko hamarkadan Madrilera jo, eta ardurazko karguak bete zituen Tele5n, Antena3en eta beste konpainia batzuetan. Egun, eskolak ematen ditu Madrilgo bi unibertsitatetan, kolaborazioak idazten ditu hamar egunkaritan, eta Zeta Studioseko ekoizlea da.

Zer sentimendu eragin dizkizu zure ibilbideagatik Gasteizko FesTVal jaialdiak saritu izanak?

Oso eskertuta nago nirekin gogoratu direlako. Ibilbideari eginiko aitortza bat denez, daukadan adinari begiratzera behartu nau; baina baita ikustera ere zer zortea izan dudan ogibidean. Sariaren soinua da izan denarena, baina nik normalean nahiago izaten dut etorkizunean pentsatu, iraganean baino. Jarraituko du... izan dadila.

1990eko hamarkadaren erdialdean Tele5ko zuzendaritzan aritu zinen, eta telebista munduko aldaketak ikusi dituzu urteotan. Nolakoa izan da sektorearen bilakaera, lerroburuetan?

1990eko hamarkadan kate pribatuak agertu ziren; XXI. mendearen lehen hamarkadan, kateak egon ordez talde handiak eratu ziren; eta, azkeneko hamarkadan, streaming plataformak oldarka sartu dira. 2020ko hamarkadaren bukaeran ikusiko dugu nola ordenatzen den dena.

2022an, 40 urte beteko dira Euskadi Irratia eta ETB emititzen hasi zirenetik. Zer garrantzi izan dute euskal gizartean?

Irrati eta telebista publikoan lan egiteko zortea izan dut, baita irrati eta telebista pribatuan ere. Eta uste dut sektore publikoan lan egiteak esan nahi duela irratia eta telebista egiten duzunean beste zerbait ari zarela egiten: gizartea ari zara egiten. EITBren ekarpena sekulakoa izan da, funtsezkoa.

Zer gomendatuko zenioke gaur egungo ETBri?

Ez naiz ahots autorizatua, urte asko baitira Euskal Herritik kanpo bizi naizela, eta ez dut ETB ikusten. Proiektua egonkortuta dago batez ere informazioaren alorrean. ETBk zailtasunak ditu plataformekin eta telebista ikusteko modu berriekin lehiatzeko. Tokiko eskaintzan, ETB bere maximoan egon daiteke. Baina aliantzen eta elkarlanen bitartez, jauzia egin beharko luke unibertso zabalago batera iristeko, euskal mundua eta euskalduna jende askorengana iristeko mundu osoan. Oraingo erronka: ETB mundura zabaldu behar da.

2010. urtetik hona lan asko egin duzu zinemagintzan. Zer hausnarketa egiten duzu pandemiak zinemaren sektorean eman duen kolpe gogorraz?

Musika ez da hil, baina CDa bai. Musika bizirik dago, baina jendeak ez ditu diskoak erosten. Aretoetan ezagutu dugun zinema hori izan zenaren oroitzapen baten gisan geldituko da. Hala ere, filmentzat bizitza luzea gelditzen da, gero eta indartsuagoa. Film asko egingo dira, jendea nekatzen ari baita telesailekin eta denboraldi luzeekin. Film luze batek aukera ematen dizu hasiera eta bukaera duen istorio bat ikusteko.

Streaming plataformak estrategia desberdinak ari dira garatzen. Nolakoak izaten dira harremanak plataformekin?

Harremanak onak dira. Zenbat eta erakusleiho gehiago egon ikus-entzunezko istorio on bat kontatzeko, orduan eta hobeto. Hasieran, zenbaitek gutxietsi egiten zuten Netflix, baina, egun, ikus-entzunezko edukien fabrikarik handienetakoa da. Industria tradizional guztiari ere eragin dio Netflixen indarrak. Beste konpainia batzuk bat egiten ari dira, Netflixekin lehiatu ahal izateko. Jokalariak egotea, berez, ona da sektorearentzat. Baina txipa aldatu behar da: telesail bat edo film bat egiten duzunean, ez zabiltza tokiko merkatuan lehiatzen, baizik eta mundu globalean. Sektorean lehiakorra izateko, behar da: talde bat izatea, eta ez kate bat; talde multinazionala; talde multimedia; eta, batez ere, errentagarria izatea.

Espainiako Kongresuan ikus-entzunezkoen lege berria onartuko dute. Kuotak ezarri beharko lirateke plataformek edukiak euskaraz, katalanez eta galegoz ekoitzi ditzaten?

Euskararen alde egin daitekeen edozer egin beharra dago; baita gurearen gisako beste hizkuntzen alde ere. Gure hizkuntza garenaren parte da: gure hizkuntza gabe, beste zerbait gara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.