Pello Sarasola

ETB munduan, mundua ETBn

Atzo hil zen Euskal Telebistako zuzendari ohia, urte luzez gaitz baten kontra borrokan aritu ondoren. Aitzindaria izan zen soziologiaren zientzia telebistako programazioa antolatzeko erabiltzen.

GARI GARAIALDE / ARP.
Edu Lartzanguren.
2015eko uztailaren 3a
00:00
Entzun
«Hark jarri zuen ETB merkatuan; hark ezagutarazi zuen arlo askotan, eta izena eman zion». Pello Sarasolaren (Hernani, Gipuzkoa, 1964) lana horrela laburtu zuen atzo EITBko zuzendari nagusi Maite Iturbek. Besteak beste, ETBko zuzendaria izan zen Sarasola 2013. urtetik, gaitzak hurrengo urtean ardura hori uztera behartu zuen arte. Aspaldi zebilen minbiziaren kontra borrokan. Atzo hil zen, 50 urterekin.

Ikusleak lortzea izan da Sarasolaren lan ibilbidearen erronka nagusia. Izan ere, Zientzia Politikoak eta Soziologia ikasi zituen Deustuko Unibertsitatean, eta 1989. urtean hasi zen EITBn lanean, ikusleen eta saioen arteko harremana ikertzen. «Ikusle kopurua, soziologia, zergatik saio batek funtzionatzen duen, zer aldatu, nola hobetu...», hori zen haren pasioa, Iturberen arabera. Sarasolaren bizitzan telebistak leku garrantzitsua betetzen zuela gaineratu du EITBko zuzendari nagusiak. Pasio horrek Programazio eta Eduki zuzendari izatera eraman zuen, 1999an.

Lan horretan zebilenean, Joxe Mari Otermin zen ETBko saioen burua, eta eskuz esku egin zuten lan. «Pellok bi gauza eskatzen zizkidan: alde batetik, gure munduari begiratzea, ETB geure gauzen ispilu izatea. Eta, bestalde, ETBrentzat gai arrotzik ez egotea. Dena, beraz, baina Euskal Herritik begiratuta», esan du Oterminek. Glokal kontzeptua erabiltzen zuen Sarasolak etengabe, hau da, globala eta lokala kontraesanean ikusi beharrean bateratu egiten dituen ideia.

Arreta osoa ikusle kopuru hutsetan jarri beharrean, «joerak» aipatzen zituen etengabe Sarasolak. Izan ere, ETB nazioarteko telebistek gaiak jorratzeko moduetan bat etortzea nahi zuen.

Beste telebistetan egiten zenaren inguruko jakin-minak bultzatuta, ETB utzi eta Madrilera joan zen Sarasola 2005. urtean, Antena3 kateko programazioaz arduratzera.

 Espainiako telebista kate horretan elkartu zen berriz Mikel Lejarzarekin, 2006an, azken hori telebistako zuzendari nagusi izendatu zutenean. ETBn hasitako bidean jarraitu zuen Sarasolak han, Lejarzak esan duenez. «Sarasolak irakatsi zigun entzule kopuruekin nola lan egin modu profesionalean; lehena izan zen horretan». Antena3ek kanal bat ez baizik hiru hartu zituenean, pauta bakarreko sistema berria asmatu zuen, publizitate berdina hiru kanaletan koordinatzeko. «Halakorik ez zen inoiz inon egin».

RTVEren eskaintzak izan zituen arren, ETBra itzuli zen 2011. urtean, Eduki zuzendari gisa.Telebistaren zuzendari izendatu zuten 2013an. «Pertsona indartsua zen, bizia, eta bizitzarekin maitemindurik zegoen. Gauza guztietan buru belarri sartzen zen, eta kutsatu egiten zuen», esan du Iturbek. Asteazkenean trukatu zituen azken telefono mezuak Iturbek Sarasolarekin, hura hil bezperan. Hilean behin bazkaltzen zuten elkarrekin. Azkenekoan, leku lasaia eskatu zuen Sarasolak, ordurako ahots korda bat blokeatua zuelako. «Han asko hitz egin genuen, bizitzaz eta telebistaz, eta, halako batean, esan zuen: 'Orain isildu egingo gara pixka batez, postrea dastatzeko'. Ikusten zitzaion bizitzaren balioaz are kontzienteagoa zela».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.