ETAren inguruko beste telesail bat ari dira grabatzen Gipuzkoan: 'La Frontera'

Hondarribian, Donostian eta Errenterian egin dituzte orain arteko grabaketak. Fikzio berriak sei atal izango ditu, eta plataforma batek estreinatuko du.

Javier Rey aktorea, Donostiako Zinemaldian, 2022an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
Javier Rey aktorea, Donostiako Zinemaldian, 2022an. JAVIER ETXEZARRETA / EFE
urtzi urkizu
2024ko urriaren 17a
10:00
Entzun

ETArekin lotutako beste fikzio bat ari dira grabatzen egunotan Gipuzkoako hainbat herritan. La Frontera telesaila Hondarribian eta Donostian grabatu zuten joan den astean, eta egunotan Errenteriako Beraun auzoan ari dira grabatzen.

Maria Pulido eta Yolanda Centeno dira telesailaren zuzendariak. Aktore protagonistak, berriz, Javier Rey, Iria del Rio eta Vincent Perez dira. Rey Fariña telesailarekin egin zen ezagun, eta azkeneko urteetan askotariko lanak egin ditu. Aurten Alberto Gastesi zinemagile donostiarraren Singular filmean parte hartu du. Netflixek aurkeztu berri duen La última noche en Tremor telesail laburrean ere protagonistetako bat da. Iria del Rio kataluniarra da, eta telesail hauetan aritu da: El ministerio del tiempo, La catedral del mar, Antidisturbios eta Les de l'hockei. Vincent Perez Suitzakoa da, eta makina bat filmetan egin du lan.

Telesaila 1980ko hamarkadaren amaieran dago girotuta. Frantziako Polizia Espainiakoarekin kolaboratzen hasia da, ETAren aurka aritzeko. Bestalde, ETA barnean mugimenduak daude: talde disidente bat ETAtik aterako da, eta Parisen atentatu handi bat egiteko prestatzen hasiko da.

Informazio gutxi argitaratu dute orain arte telesailaren inguruan. Jakina da streaming plataforma batek estreinatuko duela, eta sei atal izango dituela.

Badira gehiago

Ez da La Frontera ETArekin lotura duen fikzio berri bakarra. Egunotan Arantxa Etxebarria zinemagilearen La Infiltrada filma ari dira ematen Hego Euskal Herriko zinema aretoetan. Netflix plataformak, berriz, Un fantasma en la batalla filma grabatu zuen duela hilabete batzuk Euskal Herrian, eta laster estreinatuko du. Azken film hori Agustin Diaz Yanesek idatzi eta zuzen du. La Infiltrada-n bezala, ETAn sartzen den sator baten istorioa kontatzen du. Baina Etxebarriaren pelikulan Espainiako Polizia Nazionaleko agente bat da sator protagonista, eta Diaz Yanesen pelikulan Guardia Zibilaren emakume bat da satorra.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.