ETAren armagabetzea nola gauzatu zen eta bakegileek zer lan egin zuten jakiteko aukera izango da Irtenbidearen bila dokumentalaren bitartez. ETB1 kateak bihar estreinatuko du, 22:20an. Irati Sarasuak zuzendu du, eta Xabier Usabiagak egingo ditu gidari lanak, prozesua gidatu zutenekin hitz eginda.
Larunbatean beteko da urte bat Luhusoko (Lapurdi) atxiloketetatik. ETAren armak neutralizatzear zeudela atxilotu zituzten han Mixel Berhokoirigoin eta Txetx Etxeberri. Dokumentalaren egileak etxe horretan izan dira. Etxeko jabe Beatrice Mollok armak neutralizatu behar zituzten gela erakutsiko die.
Usabiagak azaldu du Euskal Herriko historiarentzat hain garrantzitsua izan den armagabetzearen ideia jasoko dutela saio berezian. «Saiatu gara ahalik eta sakonen kontatzen ideia nola sortu zen, nola garatu zen, eta prozesuaren atal guztiak».
Telebistan aldez aurretik ikusi gabeko irudiak egongo dira dokumentalean. Esate baterako, apirilaren 8ko armagabetze egunean armak zeuden zortzi zuloetako batera joango dira. Egun hartan han bertan egondako herritar batekin mintzatuko dira. «Armagabetzea posible egin zuten protagonista guztiekin egon gara. Armekin hartu-eman dramatikoa izan zuen herritar batek kontatuko du askatasun moduko bat sentitu zuela zuloan egun hartan».
Usabiagaren ustez, lerroburu politiko nagusietatik harago politika modu «xumean» eta «apalean» egiteko beste modu bat dagoela ikusi dute lanaren protagonistekin. «Hori ez da gutxietsi behar. Arrakastara eraman dezake, eta honako hau da adibiderik onenetako bat. Oso jende interesgarria ezagutu dugu dokumentalari esker, modu diskretuan lan egin duena».
Kazetarien analisia
Berhokoirigoinek eta Etxeberrik dokumentalean kontatuko dute zer arrisku hartu zituzten. «Haiek izan zituzten hausnarketak boz gora eman dizkigute. Urrats gehienak kontatuko dituzte kamera aurrean», esan du Usabiagak. «Herri xumearen lorpen handi bat dela esango nuke, eta hori bakearen artisauen lan ikusgarriari esker izan da». Kazetariaren arabera, Berhokoirigoin eta Etxeberri ez dira pulpitu batetik hitz egiten ari. «Aitortu dute beraientzat errazagoa izan dela egindakoa gauzatzea, eta Hego Euskal Herrian ondorioak latzagoak izango liratekeela. Irakasgairik eman gabe aritu dira».
Prozesua gertutik ezagutu duten hiru kazetarirekin solasaldi bat izango du, bestalde, Usabiagak: Allande Boutin (France3), Ihintza Arrieta (Euskal Irratiak) eta Enekoitz Esnaola BERRIAko erredaktorea. Esnaolak joan den astean aurkeztu zuen Luhuso-ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua —BERRIAren dendan eros daiteke—. Anaitz Funosas Bake Bideak-eko kidea ere hizketan azalduko da.
Joan den larunbatean, Orain Presoak lelopeko manifestazioa egin zuten Parisen, eta 11.000 lagun baino gehiago bildu ziren. Mobilizazio horren irudiak ere sartu dituzte dokumentalean. Han izan zen Nerea Reparaz ETBko kazetaria, eta azkeneko egunetako gertaeren berri emango du. Manifestazio horri sostengua eman zioten Ipar Euskal Herriko ideologia ezberdinetako eragile eta hautetsi ugarik. Usabiagak nabarmendu du giltzarrietako bat izan dela hautetsi ia guztien babesa jaso izana. «Berhokoirigoinekin eta Etxeberrirekin luze hitz egin genuen, eta nabarmendu ziguten herritarrengandik sortutako ideia batek hautetsi ia guztien bultzada izan duela». Kazetariak uste du badagoela aldea Hego Euskal Herriko egoerarekin. Hegoaldeko ikuspegia saioan Paul Rios Lokarriko koordinatzaileak emango du.
Armagabetzeak izan dituen ertz guztiak jasoko dituzte dokumentalean, Usabiagaren arabera. Sarasuak gidatutako lantaldea goraipatu du, pozez: «Egin ditudan lanetatik lan borobilena eta profesionalena da. Motibagarria oso, eta barrua astindu dit».
ETAren armagabetzeari buruzko saio bat bihar ETB1en
Xabier Usabiagak gidatuko du 'Irtenbidearen bila' dokumentala. Luhusoko atxiloketetako etxean eta zulo batean sartu dituzte kamerak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu