Kazetaria eta ikus-entzunezkoetan aditua da Joseba Fiestras (Gasteiz, 1968). 1999an, Gasteizko nazioarteko zinema jaialdia sortu zuen —2007ra arte iraun zuen—. Duela zortzi urte, berriz, FesTVal jaialdiaren sortzaile nagusia izan zen, eta haren zuzendaria da orduz geroztik.
FesTVal jaialdiaren sorreran itxaroten zenuena betetzen ari al da egun?
Itxaroten nuen baino askoz hobeto joan da lehen unetik. Jaialdia asko hazi da hasieratik hona, erreferente bilakatu da ikus-entzunezko sektorean, eta pozgarria da Gasteiz, hiri txiki bat izanik ere, hain sektore garrantzitsuan erreferente bilakatzea.
Aurtengo berrikuntzen artean hilaren 8ko euskarazko telebistaren kongresu txikia dago. Zer ezaugarri ditu?
Euskal sektorean arreta jarri nahi izan dugu beti. Haurrentzako euskarazko proiekzioak egin izan ditugu beste urte batzuetan. Profesionalei eskainitako eremuan, Telebista gustatzen zaigu izeneko jardunaldia antolatu dugu. Mahai inguru batean Espainian lanean ari diren hiru euskal aktorek parte hartuko dute. Goenkale-ren omenezko solasaldi bat ere izango dugu, aktore harrobi hori nola funtzionatu duen ezagutzeko. Bestalde, Olatz Simon EITBko berriemaileak hitzaldi bat emango du. Eiken klusterraren urteroko jardunaldia ere egingo da, talentu berriak aurkitzeko.
Euskararen presentzia handituko al da datozen urteetan?
Bai, asmoa hori da. Euskarazko biltzarrak izaera propioa hartzea eta haztea nahiko genuke. Bestalde, Go!azen telesail musikalaren estreinaldia izango dugu, hilaren 9an. ETBk estreinatu nahi dituen edukiek ere izango dute zer esana, aurrera begira.
Espainiako taldeen artean Mediaset (Tele5-Cuatro) falta da. Zer balorazio egiten duzu horretaz?
Hirugarren urtea da Mediasetek ez duela jaialdian parte hartzen, nahiz eta harremana haiekin ona den. Mediaseteko arduradunek diote estrategia arrazoiengatik nahiago dutela beste aurkezpen batzuk egin. Jaialdia haien estrategiara ez da egokitzen, eta pena ematen digu.
TVEk bihar La sonata del silencio telesaila aurkeztuko du, tartean Marta Etura aktore donostiarra dela. Arrakastatsua izango dela uste duzu?
Oso itxura ona du. Eturarekin batera, primerako aktoreak ditu.Ikusi ditudan bideoak aintzat hartuta, ederra iruditu zait. Garai horretako telesailak oso ongi ari dira funtzionatzen.
Hilaren 10eko galan, Iñaki Gabilondo sarituko dute, Maria Casado eta Manel Fuentesekin batera. Gabilondoren inguruan zer esango zenuke?
Iñaki Gabilondo maisu bat da. Asko miresten dut. Egin duen guztian arrakasta izan du, irratian zein telebistan. Haren ibilbidea sekulakoa da.
Pro FesTVal izeneko biltzarra antolatzen duzue, bereziki sektoreko profesionalentzat. Nondik nora joango da telebista datozen urteetan?
Jakin nahiko nuke. Baina gauzak aldatzen ari dira. 2009an jaialdiarekin hasi ginenean, telebista analogikoa zen, eta hurrengo urterako digitala zen. Telebista espezializaziorantz doa gaur egun, gaikako kateekin. Leiho guztiak dira orain garrantzitsuak. Gazteek sakelakoetan eta tabletetan ikusten dituzte telebistako edukiak. Beste kode bat dago, akaso. Hainbat telesail leiho berri horietara bideratuak daude. Kateak adi daude leiho horrekin. Duela gutxira arte, telebista eta telebista aparatua gauza bera ziren, baina, egun, telebista beste toki batzuetan kontsumitzen da; leiho bakoitzak bere lengoaia du, eta, horren eraginez, etengabeko esperimentazioan bizi gara. Inflexio puntu garrantzitsuan bizi gara.
Frantziako jaialdiekin baduzue harremanik?
Luchongo jaialdiarekin dugu harreman sendoa. Duela hiru urte hitzarmen bat sinatu genuen. Horren bitartez, otsailean, FesTValetik pasatzen diren ekoizpenak ematen dituzte, eta guk Luchonen estreinatu diren ekoizpenak ematen ditugu. Ostiralean Elle...Les filles du Plessis telefilma emango dugu. Gure hurrengo pausoa nazioartekotzea izatea nahiko genuke, baina ez da erraza.
Joseba Fiestras. FesTVal jaialdiaren sortzaile eta zuzendaria
«Espezializaziorantz doa telebista gaur egun»
Bihar hasiko da Gasteizen FesTVal, telebistari eskainitako jaialdia. Euskararen presentzia handitu egin dute, jardunaldi batekin. ETBko 'Go!azen' telesaila aurkeztuko dutela ere iragarri du Fiestrasek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu