Komunikazioa. Xuban Intxausti. ETB3ko 'Chiloé' saioko aurkezlea

«Espero ez genuen herrialde bat ikusi genuen Lituanian»

Igandean estreinatu zuten 'Chiloé' bidaia programaren zazpigarren denboraldia. Xuban Intxausti aurkezle berria Ekuadorren, Herbehereetan, Lituanian eta Tahitin ibiliko da.

ALBERTO ARIZKORRETA.
urtzi urkizu
2012ko otsailaren 22a
00:00
Entzun
Zortzi urtez Bartzelonan lan egin du Mediaprorentzat Xuban Intxaustik (Lasarte-Oria, Gipuzkoa, 1980). La2 katean Inquietos saioa aurkeztu zuen, eta Barcelona Televisio telebistan, Videomaton show. Casting baten ostean sortu zaio ETBn aurreneko aldiz aritzeko aukera.

Lan kontuengatik Bora Borara joatea ametsa dirudi. Nola bizi duzu halako tokietara bidaiatzeko aukera?

Izan dezakezun lan politenetako bat da, argi dago. Jende guztiak esaten dizu ametsetako lana dela. Eta egia da ez dudala inoiz hain esker onekoa den lan bat egin. Bora Boraren kasuan, zazpi egun egin nituen han, eta ez nuen denbora librerik izan. Baina niri ez dit axola igerileku batean edo itsasoan kamerak grabatzeak. Zure irudia erabiltzen ari dira, baina berdin zait. Ordutegia, dena den, gogorra da: goizeko zazpietan esnatu eta gaueko hamaiketan zoaz ohera. Aurkezleak emozioak azaleratu behar ditu, eta niri ez zait asko kostatzen.Chiloé-ren helburua da herrialdea modu polit batean aurkeztea, jendea bertara joan dadin.

Gidoiak ere idazten dituzu.

Bai, nire lanaren barne ez dira bakarrik aurkezpenak sartzen. Etxean gidoiak idatzi behar ditut.

Zer herrialdek eman dizu ezustekoa?

Lituaniak eman dit sekulako ezustekoa. Ez nuen herrialdeaz ezer ezagutzen. Hara joaterakoan ez genuen uste gauza asko izango zituenik. Baina pixkanaka programa politak egiten joan ginen, eta bertako jendeak oso harrera ona egin zigun. Espero ez genuen herrialde bat ikusi genuen.

Eta Ekuadorren zer moduz ibili zineten?

Primerako harrera egin ziguten. Paramo aldeko sumendia asko gustatu zitzaidan, baita Cuenca hiria ere.

Zer bidaia erreportaje mota gustatzen zaizu zuri gehien?

Bizitza erakusten duten saioak gustatzen zaizkit, gauzak gertatzen ari direla azaltzen dutenak.

Badira bidaia saio batzuk apur bat sentsazionalista edo horiak. Zer iritzi duzu, esate baterako, Callejeros Viajeros saioaz?

Cuatro kateko Callejeros Viajeros ez nuke esango sentsazionalista denik. Ezagutzen ditut saio horretan lan egiten dutenak. Urrunago iristen da saioa, eta errealitate gehiago erakusten ditu. Toki bakoitzean bizi diren espainiarren errealitatea kontatzen du, dena den. Esango nuke ez dela erraza beraiek ateratzen duten materiala lortzea. Niri gauza biziak gustatzen zaizkit.

Kultura berri bat ezagutu behar duzunean zer da egin beharreko gauzarik garrantzitsuena?

Aurreiritzirik gabe eta ezagutzeko gogoz joatea. Burua zuri eta irekia joan behar duzu.

Gustatuko litzaizuke luzaroan bidaia saioetan lanean aritzea?

Bai, zergatik ez. Bidaia saioak politak dira egiteko. Lantaldean oso ondo konpontzen gara, eta taldeko energia positiboa telebistara eramango dugu.

ETB3n hasi dira Chiloé saioko atal berriak ematen. Ondoren, ETB1 eta ETB2ra helduko dira. Zer iritzi duzu ETB3 kateaz?

Lehen, marrazki bizidunez gain saio gehiago zeuden. LTDarekin espezializazioa dago, eta kateak egokitu beharko du eskaini nahi duen horretara. ETBk txikientzako kate bat izatea logikoa iruditzen zait, euskara heziketari lotua baitago. Hortik aurrera zer saio eman ez dago nire esku.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.