Suitzako HBS Host Broadcast Services enpresa arduratuko da hemendik aurrera Espainiako Ligaren —gizonezkoen futboleko ligaren— telebista produkzioaz. Hau da, datozen bost denboraldietan HBSk egingo du Espainiako lehen eta bigarren mailako futbol partiden ikus-entzunezko ustiaketa, orain arte Mediapro konpainiak zuen ardura hartuta.
Europako ikus-entzunezkoen konpainia garrantzitsuenetakoa da HBS. 2002tik hona, Munduko Kopako host broadcaster-a —produkzioaren kudeatzailea— izan da, baita Eurokopakoa, Txapeldunen Ligakoa eta Afrikako Kopakoa ere. Espainiako Ligari dagokion erabakian, bestalde, Telefonica enpresa sartu da, hura arduratuko baita irudien banaketaz. Edukiak sortzeari buruzko erabakia falta da oraindik, eta hori beste kontratu batean adjudikatuko dute.
Mediapro konpainia arduratu da azkeneko denboraldietan Espainiako Ligaren telebista produkzioaz, eta agiri bat zabaldu du adjudikaziotik at gelditu dela salatzeko. «Adjudikazio prozesu guztia sekretismoz betea egon da, eta gardentasunik gabe egin da; epeetan aldaketak izan dira, eta Mediaprok ez du jakinarazpenik jaso horren inguruan». Mediaproren arabera, adjudikazioa jaso duen enpresak ez du Espainian giza baliabiderik eta baliabide teknikorik, ezta produkzio zentro bat ere, lehiaketaren oinarrietan jasotzen zen moduan.
«Azkeneko urteetan, Mediaproren profesionalen talentua gehiago aitortu da nazioartean, Espainiako Ligan baino. Izan ere, Mediaprori esker, Espainiako Liga aitzindaria izan da urrutiko produkzioan, laburpenak egiteko adimen artifiziala erabiltzean, errealitate areagotuko grafikoetan eta soinu birtualean». Halaber, Mediaprok zinemako kamera bat erabili zuen zuzeneko emanaldi batean. Konpainia horren ustez, ikus-entzunezkoen operadorea aldatzeak arriskuan jar dezake datorren denboraldiko lehen partiden produkzioa. «Espainiako Ligaren erabakia inpugnatzea aztertuko dugu», gaineratu du Mediaprok.