Eslovakiako oligarken mafia

2018an, Jan Kuciak kazetariaren hilketak protesta jendetsuak piztu zituen Eslovakian. Estatuaren ustelkeria azaleratu zela jaso dute 'The Killing of a Journalist' dokumentalean.

Jan Kuciak kazetariaren gurasoak, The Killing of a Journalist dokumentalaren fotograma batean. ANNA SMORONOVA.
urtzi urkizu
2023ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Kazetari gazte eta kirolzalea zen Jan Kuciak, baina ez zuen kirolez idazten. Iruzur fiskaleko eta ustelkeriako hainbat auzi ikertu zituen. Besteak beste, Marian Kocner enpresari boteretsuaren iruzurren inguruan idatzi zuen. 2018ko otsailaren 21ean bere etxean hil zuten arte. Tiroz hil zuten haren bikotekide Martina Kusnirova ere. Eslovakian garrantzi handiko hilketa izan zen hura. Manifestazio jendetsuak egin zituzten Bratislavan, hilketa argitzeko eskatuz. Pavla Holcova ikerketa kazetariaren arabera, Kuciak Robert Fico lehen ministroaren eta Italiako mafiaren arteko harremanaz ari zen idazten hil zutenean.

Matt Sarnecki kazetari eta zinemagileak zuzendu duen The Killing of a Journalist dokumentalean kontatzen denez, Kuciaken hilketak «iraultza» eragin zuten Eslovakian. Epaileak, politikariak, enpresariak eta estatuko boteretsuenak biltzen zituen «mafia sare bat» azaleratu zen. Dokumentala Filmin plataforman jarriko dute ostiralean.

Kuciaken hilketaren osteko manifestazioen eraginez, Eslovakiako Gobernuak eta lehen ministroak dimisioa aurkeztu zuten. Handik gutxira, Poliziaren zuzendariak ere bai. «Osagai nahikoa ziren film handi bat egiteko», esan du dokumentalaren zuzendari Sarneckik. «Baina filma egin nuen istorioak bira harrigarri bat eman zuelako, ustelkeria kontakizun sakon eta zirraragarri bati bide eman zion bira».

Iturri anonimo batek artxibo sekretu bat bidali zion Holcova kazetariari —Kuciakekin elkarlanean ari zen hura hil zutenean—. Eta Holcovak erabaki zuen agiritegia ez argitaratzea berak bakarrik, baizik eta zenbait hedabidetako kazetariekin partekatzea. Sarneckirekin ere bai. «Holcovak bidali zidan artxiboetan, mezu enkriptatuak, elkarrizketak eta bideo sekretuak daude, eta horiek erakusten dute oligarkek, politikariek eta poliziek nola kontrolatzen zuten estatu ustel bat», dio zinemagileak. «Aurrez ikusi gabeko froga bat da azaltzeko nola funtzionatzen duen ustelkeriak, eta, gainera, kazetaritzaren boterearen adibide on bat dago hor bertan».

Aurretik, Eslovakiako polizia gazte bat joan zen deskubrituz nork agindu zuen Kuciak kazetariaren hilketa: Kocner enpresariak —gobernuko alderdi politikoarekin lotura zuzena zuen— bere konfiantzazko emakume bati agindu zion kazetaria hiltzeko; emakume horrek pizzeria baten jabeari eman zion enkargua, eta hark polizia ohi bati eta militar ohi bati eskatu zien kazetaria hiltzeko, diru truke. Holcovak ziurtzat dauka «erabat» Kocnerrek agindu zuela bere lankidearen hilketa. Baina justiziak orain arte ez du zigortu horregatik. 19 urteko zigorra jaso du enpresariak, iruzur delituengatik.

Dokumentalean plazaratzen diren hainbat mezuk, agirik eta bideok erakusten dute nolako boterea zuen Kocnerrek: epaile batzuen epaiak berak idazten zituen, oligarka batekin informazio truke baliotsua egiten zuen; estatuko fiskal nagusiarekin harreman estua zuen, eta ezkutuko bideoak grabatzen zituen; eta gobernuarekin makina bat negozio zituen. Are gehiago, poliziaren bat bere aurkako ikerketa batean ari zela jakinez gero, gai zen polizia horren osasun baja nahi adina luzatzea agintzeko.

Toronton eta Karlovy Varyn

Sarneckiren dokumentala thriller politiko baten modukoa da, baina benetako gertaerak dira kontatzen direnak. Benetakoak, Europa erdian gertatuak, eta azkeneko urteetakoak. Justizia zein usteldua zegoen agerian gelditzen da dokumentalean, eta agerikoagoa izan da duela ez asko hamahiru epaile eta bi epaile ohi atxilotu dituztenean. Ustelkeria eta justizia eragoztea leporatzen diete. Filmak agerian uzten du urte luzez Eslovakiako erakundeak oligarken «mafiazko sistema baten» menpe egon zirela. Egoera aldatu da herrialde horretan, baina hala ere egungo gobernua «ezgauza» dela salatu du dokumentalean Holcovak. «Eta herritarrak etsipenean murgildu dira».

Dokumentala Torontoko (Kanada) zinema jaialdian estreinatu zuten, iazko maiatzean. Europako estreinaldia, berriz, Karlovy Varyko (Txekiar Errepublika) jaialdian izan zuen, uztailean. Hego Euskal Herrian, Filminen ikusi ahalko da orain. Ekoizlea Signe Byrge Sorensen da.

Sarneckik Killing Pavel dokumentala ere zuzendu zuen, 2017an. Bielorrusiako Pavel Xeremet kazetariaren hilketari buruzkoa da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.