Eskuineko alderdien 'merchandising' tresnak

Komunikabideek arrazakeriarekiko duten jarrerak kezka sortzen dio Gavan Titley Irlandako Unibertsitate Nazionaleko irakasleari. Horren inguruan aritu da EHUn, 'Baliabide digitalak, kazetaritza eta arrazakeria' hitzaldian.

Bizkaiko Kazetaritza Kongresua
Gavan Titley Irlandako Unibertsitate Nazionaleko irakaslea, atzo, EHUko Ziberkazetaritza Kongresuan.
iraia vieira gil
2023ko azaroaren 28a
05:00
Entzun

2020ko maiatzaren 25ean hil zuen polizia estatubatuar batek George Floyd, beltza izateagatik. Haren heriotzaren irudiak nazioarteko hedabideetan zabaldu ziren, eta arrazakeria, indarkeria eta diskriminazioa salatzeko protesta masiboak eragin zituzten mundu guztian. Gavan Titley Irlandako Unibertsitate Nazionaleko irakasleak argi du Floyden kasuak «enpatia» eta «emozioa» hedatu zituela herritarren artean, eta gutxiengo etnikoek inoiz ez bezalako babesa jaso zutela kalean. Egun, ordea, beste zerbaitek kezkatzen du Titley: «Ordutik, komunikabideetan hazi egin da beltzen aurkako indarkeria salatzeko joera, baina bestelako jarrera arrazistak ezkutatu egiten dituzte».

Baliabide digitalak, kazetaritza eta arrazakeria hitzaldia eman zuen atzo EHUko Komunikazio Digitalaren eta Ziberkazetaritzaren Nazioarteko XV. Kongresuan. Zientzia eta Teknologia fakultatean (Leioa, Bizkaia) eman zuen hitzaldia, eta han aztertu zuen kate handiek, arrazakeriak eta eztabaida politikoek elkarren artean duten harremana. «[Floyden heriotzak eratutako] Black Lives Matter mugimenduak gatazka politiko sakona sortu zuen. Frantziako Poliziaren diskriminazio politikak salatzeko manifestazioak egin zituzten Parisen, eta Europako mugetan hiltzen diren migranteen egoera kritikatzekoak, Grezian», kontatu zuen irakasleak.

Zein da horrek guztiak kazetaritzarekin duen lotura? Etikaz harago, gizarte iritzia alda dezakeen kontu bat ere aipatu zuen Titleyk: «Objektibotasuna eta arrazakeria ulertzeko modu sistemikoa». Haren ustez, objektibotasunak kazetaria behartzen du datu enpirikoak ikertzera, iturriak egiaztatzera eta bere burua albistetik kanpo uztera. Ikuspegi sistemikoak, gainera, istorio osatuagoa eskaintzeko aukera ematen dio kazetariari.

Adibide batek zentzua eman zion haren azalpenari. «Pandemia garaian, Erresuma Batuan, beltzen heriotza gehiago zeuden», esan zuen. «Komunikabideek datu gordinak ematen zituzten, baina ez zuten inolako aurrekaririk aipatzen. Ez zuten kontatzen langabezian zeuden pertsona gehienak beltzak zirela, eta, ondorioz, bizi baldintza eta osasun egoera kaskarragoak zituztela». Beltzen eta zurien arteko klase ezberdintasunak iraganetik zetozen arren, ez zuten egoeraren berri eman nahi izan. «Ez zuten horretarako interes politikorik».

Komunikazio estrategiak

Floyden heriotzaren ondoren, eztabaida saioetara beltzak ziren kazetariak gonbidatu ala ez zalantza egin zuten telebista kate kontserbadoreek. «Twitterreko kontuak ikuskatzen zizkieten eta Black Lives Matter mugimenduaren aldeko adierazpenik publikatu bazuten, saiotik kanpo uzten zituzten, kasuarekin harreman estuegia zutelako». Titleyk atzo aitortu zuenez, kazetari zuriek hartu zuten gehienetan hitza beltzen diskriminazioaren inguruan eztabaidatzeko.

Are gehiago, irakasleak emandako datuen arabera, Erresuma Batuko broadcasting programetan parte hartzen duten kazetarien %12k besterik ez dute gutxiengo etnikoren bat jatorri. Kontrara, Europako alderdi ultraeskuindarrek gero eta espazio gehiago dituzte haien ideiak publikoari helarazteko. «Populistek badakite nola sortu behar duten publizitatea eta zein eztabaida piztu behar dituzten», adierazi zuen. Eta nabarmendu zuen gehienek biktima itxura hartzen dutela: «Performance moduko bat da haientzat, norbaitek eraso egin diela ulertarazi nahi dutelako».

Komunikabideak merchandising tresnatzat hartzen dituzte askotan, eta, ondorioz, laguntzarik ematen ez dieten kateak ixtea da haientzat komenigarriena. Hala ohartarazi zuen irakasleak: «Finlandian eta Suedian ultraeskuineko alderdiekin negoziatzen ari dira gobernua osatzeko. Negoziazioak sekretuan ari dira egiten, baina, halako batean, diputatu ultraeskuindar batek galdetu zien bere jarraitzaileei: 'Zeintzuk dira ikusten jarraitu nahi dituzuen telebista publikoko programak?'».

 

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.