Ahotsak eta Hamaikak programa berri bat sortu dute tolerantzia, errespetua eta bizikidetza sustatzeko: Aterpea. Gaur estreinatuko du saioa Hamaika telebistak, 21:30ean; lehen denboraldiak hamasei atal izango ditu, bakoitza 30 minutukoa. Bazterkeria edo marjinazioa jasan duten guztientzat «aterpe» izateko jaio da saioa, kolektiboen errealitateak eta beharrak ikusarazteko, eta herritarren eskubideak babesteko.
«Hainbat gai jorratuko ditugu, betiere eskuin muturraren diskurtsoei kontra egiten saiatuz», azaldu du Mikel Urabaien saioko aurkezleak. Diskurtso horiei buruzko solasaldiak egingo dituzte hainbat aktibista eta aditurekin. «Ohiko elkarrizketez bestelako solasaldi bat planteatuko dugu. Solaskide bakoitza bere iritzia emanez ariko da, eta ni ere bai: ez naiz modu objektiboan mintzatuko», iragarri du Urabaienek. «Ikuspuntu politiko bat daukagu, eta horren arabera planteatuko ditugu galderak».
Lehen atalean, zurrumurruak eta albiste faltsuak izango dituzte hizpide. Horretarako, Xabier Jauregi eta Ruben Lasheras gonbidatuko dituzte; zurrumurruen aurkako Zaska sareko ordezkaria da Jauregi, eta Nafarroako Unibertsitate Publikoko soziologiako irakaslea da Lasheras.
Bigarren atalean, gazteen artean zabaltzen ari den indarkeria matxistaren negazionismoa izango dute mintzagai. Eta hurrengo ataletan, besteak beste, memoria historikoa, aporofobia, punitibismoa, homofobia eta transfobia izango dituzte hizpide.
Bideoak sare sozialen bidez
Hamaika telebistak adierazi du saioak tresnak eskaini nahi dituela «umorearen» eta «enpatiaren» bidez herritar guztientzako «etorkizun inklusiboagoa» eraikitzeko.
Atal bakoitzaren hasieran, Naiara Bergez aktoreak clown baten rola egingo du, gaia modu metaforikoan aurkezteko. Gero, off-eko ahotsaz, ironia edo anekdotaren bat baliatuko du Urabaienek beste aurkezpen txiki bat egiteko. Ondotik iritsiko da solasaldia.
«Formatu hau erabiltzea erabaki dugu, batez ere bideoak sare sozialen bidez zabaltzeko. Ikusi dugu eskuin muturreko diskurtsoak zabaltzen ari direla X sarean eta Metako sareetan». Urabaienek dio horri buelta eman nahi diotela. «Eta gure aletxoa jarri jendeak beste eduki batzuk eskuragarri izan ditzan, ezkerrak egindakoak eskuin muturrari erantzunez».
Aurkezleak uste du gaur egungo egoera aintzat hartu behar dela: «Gure diskurtso propioa eraiki beharko genuke. Baina testuingurua nolakoa den onartu beharra dago; eskuin muturrak irrigarri uzten du ezkerra sarri, horixe da haren estrategia. Hortaz, haien diskurtsotik abiatuko gara, baina gureaz hitz egiteko».
Saioa Iruñeko Teatrolari antzerki eskolan ari dira grabatzen. «Grabatu ditugun solasaldiak oso interesgarriak izaten ari dira. Ikusleei tresnak emango zaizkie gorroto diskurtsoei aurre egiteko», dio Urabaienek. «Espero dut jendeak ondo hartuko duela programa».
Saioa Hamaikaren webgunean eta Android TVrako aplikazioan ere ikusgai izango da. Baita Ahotsa.info webgunean ere.