EITBn 2001. urtean hasi zen Xabier Madariaga kazetaria (Bilbo, 1981). Makina bat lan egin du irratian eta telebistan, eta askotariko saioak aurkeztu ditu ETBn. Ametsen arbola saioa aurkezteaz gain, Ur handitan erreportaje saioko atal berriak grabatzen arituko da datozen hilabeteetan.
Nola sortu da Ametsen arbola proiektua?
ETBren proposamena izan zen. Telebistak Herbehereetako formatua egokitzeko asmoa zuen, eta aurkezlea bilatzeko orduan nigan pentsatu zuen. Herbehereetako ekoiztetxekoek diote aurkezleak izan behar duela haurrekin konektatzen duen pertsona bat, eta hori lortzen saiatu gara.
ETBren programazioaren aurkezpenean esan zenutenez, «emozioz beteriko saioa» izango da.
Bai, hala da. Haurren ametsak dira abiapuntua, baina gero protagonistak ez dira umeak. Hau ez da umeentzako saio bat: familia osoarentzako programa bat da.
Ametsak dira saioaren ardatza. Baina haurrek beste batzuentzat eskatutako ametsak dira, ezta?
Protagonistak ezin dira izan ametsak eskatzen dituzten haurrak. Ametsak eskatu eta betetzeko bide horretan, maitasun asko dago. Bestalde, arbolaren partea oso modu politean landua dago. Arbolaren goiko partean elkarrizketak egiten ditugu neska-mutikoekin.
Nola joan dira eskolaz eskolako ibilerak?
Oso ondo, primeran. Ikastetxe guztietan harrera bikaina egin digute. Haurrekin lan egitea oso zaila izaten da normalean, baina lortu dugu gertuko eremu bat, eta horretan ireki egin dira.
Ametsak betetzean, nolako soslaia dute protagonista helduek?
Batzuk anonimoak dira, baina beste batzuk ospetsuak dira; adibidez, Jokin Altuna pilotaria. Protagonistak oso eskuzabalak izan dira. Beste kasu batean, ametsa da ama Anoetara itzultzea, eta Realeko jokalari batzuk agertuko dira [Mikel Oiartzabal eta Nerea Eizagirre, tartean].
Nola sentitu zara saioa egiten? Aktore lanak ere bete dituzu?
Parte batzuk zailagoak izan dira niretzat. Haurren elkarrizketekin oso gustura aritu naiz. Baina ezustekoak betetzeko partean gidoia dago, eta antzerki apur bat egin behar da. Ikasketa prozesua izan da, Itziar Gomez saioko zuzendariaren eskutik [Go!azen telesaileko zuzendaria da].
Ikuslea harrituko al du saioak?
Oso polita izan da lan hau egitea. Eskuzabaltasunez betetako proiektua da, eta ametsak betetzen laguntzen du. Adin guztietako ikusleentzat da, gainera. Familia osoarentzat emozio dantza da. Ikastetxeetako errealitateak ere hor daude, migranteak tartean. Esanguratsua da haurrek ez dutela amets materialik eskatu, eta hori polita da. Haurrek nahi dutena da gertukoak pozik ikusi, maite dituztenak berriro ikusi...
Ametsen arbola saioaz aparte, ETB1ek bi Ur handitan berezi emango ditu udazken honetan. Zeren ingurukoak izango dira?
Lehenean, Gazako gerraren ingurukoan, ahaleginduko gara azaltzen nola iritsi garen hona. Duela bi hamarkada egindako istorio batzuez baliatu gara, duela hogei urte EITBk Ekialde Hurbilean berriemailetza sortu zuela baliatuz. Ur handitan-eko beste atala EITBren elkartasun maratoiarekin lotutakoa da: bihotzeko gaitzak.
Aurreko denboraldian ETB1ek ez zuen eman. Baina Ur handitan formatua ez dago agortua orduan?
Ez, inolaz ere ez. Gai ugari landuko ditugu atal berrietan, ikuspuntu desberdinetatik. Denboraldi berriarekin oso pozik gaude. Urtarriletik aurrera hasiko da ETB1 denboraldi berri hori ematen.
ETBko albistegietako martxaren falta sumatzen duzu?
Ez, zeren irratian ere banabil. Egunerokoa irratiko albistegiak ere badira niretzat. Batera eta bestera nabil, eta ez dut sumatzen ETBko albistegien faltarik.