Esan Erran irratiak 25. urteurrena ospatuko du larunbatean Atetzen

Atezko Eritzegoitin egun osoko jaia egingo dute. Dokumental bat grabatzen ari dira irratiaz

Garazi Zabaleta eta Itziar Perez Esan Erran irratiko esatari eta arduradunak, estudioan. IDOIA ZABALETA / FOKU.
Edurne Elizondo - Urtzi Urkizu
2023ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Nafarroako Basaburua eskualdean bada euskarazko irrati bat, oztopoz oztopo aurrera egin duena. Mende laurden bat da jada Esan Erran irratia sortu zutenetik, eta urteurrena ospatzeko unea iritsi zaie. Larunbatean eginen dute urteurren festa, Atetzen (Nafarroa). Egun osoan askotariko ekitaldiak izanen dira: herri kirolak, puzgarriak, dantzak, bazkaria, La Jodedera taldearen kontzertua, DJ Hannibal Selecter, eta abar.

Bestalde, abendurako irratiari buruzko dokumentala prest izatea espero dute. Aritz Gorostiaga zinemagilearekin ari dira lanean egitasmo horretan.

Iraileko azkeneko astean abiatu zuten irratiko denboraldi berria Itziar Perez Argomaniz eta Garazi Zabaleta Urkiola esatari eta arduradunek. Perezek bost urte egin ditu irratian; Zabaleta, berriz, duela lau urte ailegatu zen hedabide horretara. 25. urteurrena ospatzea herritarrak irratira hurbiltzeko modu bat izaten ari da: «Gure asmoa da entzule eta parte hartzaile izan daitezela; Esan Erran izan dadila herritarren proiektu bat». Entzuleak, bertze aldean daudenak altxarazi nahi dituzte, eta irratira mugitu.

1990eko hamarkadaren bukaeran, hainbat ziren eskualdez eskualde Nafarroan sortutako irrati proiektuak —Karrape, Xorroxin, Aralar...—, eta loraldi horrek eragin zuen Esan Erran abiatu zuen bultzada ere. Ordukoak ongi oroitzen ditu Txari Eletak; irratia sortzeko prozesuan parte hartu zuen, eta lehendabiziko esataria izan zen, gainera, Fermin Gartxitorenarekin batera.

«Oso oroitzapen politak ditut», erran du Eletak. Ultzamako AEK-ko arduraduna zen irratian hasi baino lehen. Batzorde bat sortu zuten, Ultzaman eta inguruan euskara bultzatzeko. Ametza kultur elkartea osatu zuten bultzada horri esker, eta elkarte horrek abiatu zuen Esan Erran martxan jartzeko prozesua.

«Kontzertuak antolatzen genituen, eta irratiak hartuko zituen udalerri guztietan laguntzak eskatzen genituen, lanean hasi ahal izateko», oroitu du Eletak. Esan Erran Imotzen, Basaburuan, Ultzaman, Lantzen, Anuen, Atetzen eta Odietan entzuten da, eta udalerrion berri ematen du.

Bizikletan bozgorailuarekin

Eletak aitortu du «kezkaz beteta» hasi zuela bere bidea Esan Erran irratian. «Hasiera ez zen erraza izan; jendeak ohitu behar izan zuen irratira». Eleta eta Gartxitorena bizpahiru hilabetez aritu ziren Iruritan Xorroxin irratiko lankideekin ikasten. «Egonen al da norbait beste aldean? Etengabe egiten genion galdera hori geure buruari», gogoratu du Eletak. Zabaletak eta Perezek ere, 25 urte joan eta gero, kezka bera dutela aitortu dute. «Hutsen bat egiten dugunean, baina, beti bada norbait zerbait esateko prest».

Esan Erranen duten askatasuna nabarmendu dute egungo bi esatariek, eta askatasun horrek eraman dituela bide berriak probatzera. Estudiotik ateratzeko ahalegina egin dute, adibidez, eta herriz herri joan dira bizikleta baten gainean jarritako bozgorailu batekin irratia entzuleengana eramateko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.