Historiaren kontakizuna ulertzeko mila modu daude. Modu horietako bat 100 Balas ekoiztetxeak —The Mediapro Studiorena da— hartu duena izan da: Luis Carrero Blanco Espainiako Gobernuko presidentearen aurka ETAk duela 50 urte egin zuen atentatua asmakizunez betetzea. Datorren astean, abenduaren 20an, mende erdi bat beteko da ETAko Txikia komandoak Carrero Blancoren aurkako atentatua egin zuenetik. Baliteke ikus-entzule batzuk aztoratzea Matar al Presidente izeneko dokumental saioa ikusten badute, hainbat kazetariren esamesak entzunda. Ideia hau zabaldu nahi dute: ETA ez zela kapaz izan atentatua egiteko bestelako laguntzarik gabe. Hiru atal ditu saioak; atzo eman zuten bigarrena, eta datorren astean estreinatuko dute hirugarrena eta azkena.
Eulogio Romero da saioaren gidoilaria, zuzendaria eta ekoizle eragilea. Haren ustez, soilik kazetari batzuk daude interesatuak atentatuaren auzian. «Atentatua ez zen inoiz auzitegietan epaitu, ikerketa akatsez beteta dago, Espainiako Estatuko segurtasun indarrek ere hainbat hutsegite izan zituzten, eta hainbat agiri desagertu egin ziren. Zalantzak daude ETAk atentatua bakarrik egin ote zuen». Dokumentalaren egilearen arabera, ikus-entzuleak aterako ditu bere ondorioak.
Oso ondorio desberdinak aterako ditu Eva Forest zenaren Operación Ogro y por qué ejecutamos a Carrero Blanco liburua irakurtzen duen herritarrak. Atentatua egin eta zortzi egunera, ETAk nazioarteko kazetari batzuei dei egin zien Bordelen (Okzitania). Atentatuaren nondik norakoak azaldu zizkieten orduko hartan. Lau hilabete geroago, ETAko militanteek elkarrizketa luze bat eskaini zioten Eva Foresti, Ogro operazioaren xehetasun guztiak emanez. Liburua 1974. urtean argitaratu zuten Ruedo Ibérico (Paris) eta Mugalde (Hendaia, Lapurdi) argitaletxeek. Ondotik, makina bat aldiz argitaratu da azkeneko hamarkadetan. Durangoko Azokan ere salgai izan da aurten. Beste alde batetik, liburu dendetan salgai da dagoeneko atentatuaren inguruan Iñaki Egañak aurten idatzi duen beste liburu bat —Txalapartak argitaratu du—.
Gillo Pontecorvo zinemagileak Operación Ogro filma zuzendu zuen 1979an, Foresten liburuan oinarrituta —Hego Euskal Herriko aretoetan 1980an estreinatu zuten—.
2011. urtean, berriz, Miguel Bardemek El asesinato de Carrero Blanco telesail laburra zuzendu zuen —bi atalez osatua—. ETB2 kateak 2011ko ekainean estreinatu zuen; eta handik hilabete batzuetara, TVEk eman zuen. Fikziozko lan horrek uneren batean iradokitzen du ETAk beste norbaiten laguntza izan zuela atentatua egiteko. Jesus Lopez Jordanek, bestetik, dokumental bat egin zuen sasoi berean: Carrero Blanco, el consejero fiel.
Egunotan Movistar Plus plataforma ematen ari den dokumental saiora itzulita, bigarren atalak pasadizo batean jartzen du arreta: atentatuaren bezperan, Henry Kissinger AEBetako estatu idazkari ohia Carrero Blancorekin elkartu zen Madrilen. Dokumentalean azpimarratu dute Carrero Blanco oztopoa zela AEBetako gobernuaren interesentzat, eta Kissinger ez zela batere pozik atera presidentearekin izandako bileratik.
Alejandro Florez saioaren ekoizle eragileak adierazi du Carrero Blancoren hilketaren inguruko ikerketak «partzialak» izan direlaorain arte. «Lehen aldiz, sumarioaren edukia zein den ikusi ahal izan da». Horrek elikatu egiten ditu dokumental egileen asmakizunak. Elkarrizketatu dituzten kazetarietako batek dio ETAk AEBetako CIAren laguntza izan zuela atentatua egiteko. Iradokitzen du Espainiako Gobernuan ziren pertsona batzuek ere bazutela horren berri. Esames horiek arrazoitzeko, besteak beste, esan dute ETAko militanteak denbora luzean ibili zirela Madrilen, nahierara.
Antonio Rubio Campaña kazetariak dokumentalean egiten dituen bi baieztapen, dena dela, aintzat hartzekoak dira: batetik, adierazten du ez dagoela inolako frogarik ETAk atentatua egiteko beste batzuen laguntza izan zuela esateko. Eta, bestetik, aipatzen du Espainiako sekretu ofizialen legea 1960ko hamarkadakoa dela, eta badela horri erantzuna emateko garaia. Memoriaren kontakizunean argibide gehiago izango lituzke sekretu ofizialen lege berri batek; gai delikatuetan herritarrei gardentasunez informatzeko modua liekeen lege batek, alegia. Baina hori beste kontu bat da, eta ez da berehalakoan konponduko.